euskal herria

Hernaniko sei gazte auzipetuak absolbitu egin dituzte

Segiko kideak zirela argudiatuta, sei urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskaltzak. Froga faltagatik absolbitu dituzte. Auzitegi Nazionalak ebatzi duenez, sei gazteak inkomunikatuta zeudenean egindako deklarazioetan baino ez da oinarritu Fiskala. Epailearen aurrean ez zuten deklarazioa berretsi.

2012ko abenduaren 12a
21:56
Entzun

BERRIA.INFOk jakin berri duenez, Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu irailetik urrira epaitu zituen Hernaniko sei gazteak: Aitzol Arrieta, Jon Ezeiza, Asier Olano, Egoitz Balerdi, Ekhi Oñate eta Iñigo Alzelai. Sei urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskaltzak Segiko kideak zirela argudiatuta ETAko kide zirelakoan. Abokatuek absoluzioa eskatu zuen.

2009ko martxoaren 31n atxilotu zituzten. Horiekin beste lau gazte ere epaitu zituzten, baina horiei akusazioa kendu zien fiskalak euren kontrako frogarik ez zegoelako eta ez zuen zigorrik eskatu. Zazpik torturak salatu zituzten epaiketan, eta inkomunikazio aldian esandakoak mehatxupean esan zituztela gaineratu zuten. Auzitegiak baztertu egin du gazteei Donostiako polizia-etxean tratu txarrak eman zizkietenik, baina kritikatu du han eginiko adierazpenak ez zituztela grabatu.

Polizia operazioan zortzi gazte atxilotu zituzten, eta ondoren beste bik euren burua aurkeztu zuten. Epaiketan Segikoak zirela ere ukatu zuten zenbaitzuek. Defentsak epaiketan azaldu zuenez, inkomunikazio aldian egindako deklarazioak ziren gazteen kontra egiteko elementu nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.