Atentatua

Hernaniko telebista hedagailuaren aurka bonba bat lehertarazi dute, eta Ertzaintzak beste bi desaktibatu ditu

Santa Barbara auzoan izan da atentatua, goizeko ordubatean, eta ez da inor zauritu. Beste bat hamar kilo lehergaiz osatutako bonba zen eta bestea lau kilokoa. Ertzaintzak uste du bere bila joan dela ETA.

2009ko urtarrilaren 16a
15:00
Entzun
Hernaniko (Gipuzkoa) telebista hedagailuaren kasetaren kontra atentatua egin dute bart, bonba bat eztandarazita, eta Ertzaintzak beste bi desaktibatu egin ditu.

Leherketa Santa Barbara auzoan izan da, goizeko ordubatak aldera. Ertzaintzak dioenez, hedagailuaren ondoan kartel bat zegoen, Kontuz, bonba idatzita. Atentatuan ez da inor zauritu, eta kalte materialak nolakoak izan diren aztertzen ari dira orain. Hango herritar asko telebista seinalerik gabe daude.

11:00ak inguruan Ertzaintzak motxila baten barruan, hedagailura doan errepidearen sarreran, beste bonba bat aurkitu du, eta desaktibatu egin du. Hamar kilo lehergaiz osatutakoa zen, eta ETAk bere kontra jarritako bonba-tranpa zela uste du Ertzaintzak, bere aurkako helburua zuena. Haren arabera, han zegoen kable bat zapalduta zen eztanda egitekoa.

13:00ak aldera beste bonba bat desaktibatu du, lau kilo lehergaiz osatutakoa. Motxila baten barruan zegoen hori ere.

Ertzainek uste du beste lehergailu bat ere badela han inguruan.

Mariano Fernandez Bermejo Espainiako Gobernuko Justizia ministroak esan du "zantzu guztiek" diotela ETA izan dela ekintzen egilea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.