erabakitzeko eskubidea

Hernanin eta Astigarragan ere datorren martxoaren 19an egingo dute galdeketa

Euskal Herriko estatus politikoaz galdetuko dute. Sinadura bilketa jarri dute martxan. Oiartzualdean eta Tolosaldean egun berean egingo dute kontsulta.

Hernanin egin duten festa ekitaldiko une bat.
urtzi urkizu
2016ko azaroaren 12a
18:33
Entzun

Udaberri festa egin dute gaur Hernanin (Gipuzkoa), nahiz eta azaroaren erdian egon. Aurreko bi urteetan Hernaniko Gure Esku Dago-k apirilean egin zuen Udaberri festa, eta izena mantentzea erabaki dute, nahiz sasoia aldatu. Jaiaren amaieran, hainbat herritarrek erabakitzeko eskubidearekin lotutako esaldiak irakurri dituzte. Azkenekoak galdeketaren data eman du: 2017ko martxoaren 19a. Egun horretan egingo dute galdeketa Euskal Herriko estatus politikoaren inguruan Hernanin, baita Astigarragan ere. Oiartzualdeko (Gipuzkoa) lau herrietan eta Tolosaldeko (Gipuzkoa) 28etan ere egun berean egingo dute galdeketa, lehendik jakinarazia dutenez.

Hernanin eta Astigarragan herri galdeketa egin ahal izateko, Bagagiltza plataformak asteburu honetan ekin dio sinadura bilketari. Hernanin 1.700 sinadura jaso behar dituzte, eta Astigarragan, 500.

Bagagiltzak prozesu parte hartzaile bat jarri du abian, eta talde bat galdeketan egingo den galderaren inguruan eztabaidan ari da. Taldea erabat zabalik dago, eta herritarrei deia egin diete plataforman modu batean ala bestean parte hartzeko.

Hernanin eta Astigarragan 25.000 lagun bizi dira. Tolosaldean 48.000 eta Oiartzualdean 71.000. Martxoaren 19an, beraz, 144.000 herritar bizi diren eremuan izango dira galdeketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.