Hernaniren eta Oiartzunen aurkako auziak, bertan behera

Donostiako Udalak kendu egin ditu zaborren kudeaketaren harira aurreko udalak jarritako salaketak

Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Donostiako Udalak bertan behera utzi ditu hondakinen kudeaketaren eskumenen harira Oiartzungo eta Hernaniko udalen aurka aurreko agintariek abiatutako auzibideak. «Lankidetzaren printzipioak eta oraingo udal gobernuak hondakinei buruz dituen politika publikoek prozedura horietan atzera egitea eskatzen dute», nabarmendu dute ohar baten bidez Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Hiri Azpiegituretarako zinegotzi Nora Galparsorok. Haien arabera, erabakia egokia izango da, baita Donostiako Udalak bi udal horiekin nahiz San Marko mankomunitatearekin dituen harre- manak hobetzeko ere.

Gaikako bilketa egitea onartuta, Hernaniko eta Oiartzungo udalek hondakinak jasotzeko eta kudeatzeko ardura hartzea onartu zuten. Ordura arte San Marko mankomunitateari zegokion ardura hori. Donostiako Udalak ez zuen ondo hartu erabakia, eta mankomunitatea osatzen zuten beste herrien interes orokorrak urratzen zituela argudiatuz, salaketa jarri zuen bi udalen kontra.

Salaketa ontzat hartu, eta Donostiako Administrazio Epaitegiko epaile batek behin-behineko neurriak ezarri zituen. Papera, beira eta ontziak jasotzeko ardura San Markok izatea ebatzi zuen.Azkenean, hala ere, San Markok berak onartu zuen epaia izan arte herri horiek bilketa osoa egiteko modua izatea, betiere ondoren beste herrietako prozedurari jarraitzen bazioten hondakinek.

Dena den, Hernaniko, Usurbilgo eta Oiartzungo udalek helegitea jarri zuten, badaezpadako neurrien kontra. Haien arabera, udalek zaborrak kudeatzeko dituzten eskumenak urratzen zituen erabakiak. Gainera, argudio gisa erabilitako San Marko mankomunitateko estatutuak faltsuak zirela adierazi zuten.

Maiatz amaieran EAEko Auzitegi Nagusiak Hernaniren kontrako salaketaren inguruan ebatzi zuen. Auzitegiak ez zuen ontzat hartu Donostiako Udalaren salaketa, eta Hernanik gaikako bilketa egin zezakeela onartu zuen. Hala, behin-behineko neurriak bertan behera uzteko agindu zuen. Epaian jasotzen zenez, Donostiako Udalak jarritako salaketak ez zuen oinarririk. Gainera, Hernanik hondakinen bilketa osoa egiteak ez zuela «atzeraezinezko» kalterik eragiten argudiatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.