Pasaiako badia biziberritzea izango da Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasunetako bat, eta horretarako ezinbestekotzat jo du Herrerako lurrak Pasaiako Udalari eta herritarrei itzultzea. Pasaiako Portu Agintaritzarenak dira Herrerako lurrak; Espainiako Gobernuarenak dira, beraz. Hamazazpi hektarea dira, badiaren ertzean daude, Trintxerpe auzoan, eta aspaldian batere garapenik ez dute izan. Garatzekotan, lurrek herritarren esku egon behar dutela nabarmendu du Martin Garitano ahaldun nagusiak, eta jabetza herriari itzultzeko eskatu dio, Diputazioko gobernuaren izenean, Espainiako Gobernuari.
Herrerako eremu horretan bertan da Ziriza etxea, hutsik dagoen pabiloi bat, eta han egin du Aldundiak ekitaldia gaur arratsean. Diputazioaren gobernuak ez duela lanerako programarik salatu dute hainbat alditan oposizioko alderdiek; haiei erantzunez, agintaldirako "egitasmo estrategikoak" aurkezteko antolatu du ekitaldia Diputazioak. Departamentuz departamentu aurkeztu ditu alor bakoitzeko helburu eta egitasmo nagusiak, eta jarduera garrantzitsuenen berri eman du Garitanok.
Ekitaldia 300 bat herritarrek jarraitu dute; tartean izan dira EAJko batzarkideak, Adegiko eta Merkataritza Ganberako ordezkariak, hainbat alkate, ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, eta hainbat herritar nahiz gizarte mugimenduetako kideak.
Pasaiako badia biziberritzeaz gainera, hondakinen kudeaketa eredua aldatzea izango da Aldundiaren beste erronka nagusia. Ekain hasieran hondakinak kudeatzeko plan berria aurkeztuko du, eta Garitanok aurreratu du errauste plantan oinarritutako ereduak balio duenaren erdia balioko duela azpiegitura sare berriak, eta errauste plantarik eraiki gabe itxiko dela hondakinen kudeaketa zikloa.
Aurkezpen ekitaldi gehiago
Datozen egunetan Gipuzkoako hainbat herritan egingo dituzte ekitaldiak, egitasmoen berri emateko. Astelehenean Donostian (Amara Berri eskolan) eta Azpeitian (Sanagustin kulturgunean), asteartean Zarautzen (Antoniano ikastetxean) eta Beasainen (Igartza jauregian), asteazkenean Irunen (Bidasoa lanbide eskolan) eta Arrasaten (Polo Garaian), ostiralean Lasarte-Orian (kultur etxean) eta Eibarren (Armeria eskolan), eta ekainaren 4an Errenterian (Niessen aretoan) eta Tolosan (Hirukiden). 19:00etan hasiko dituzte aurkezpen guztiak.