Zaldibar Argitu-k eta Euskal Herriko Gizarte Eskubideen Gutunak ohar bateratu batean adierazi dute birritan ukatu egin dietela Zaldibarko zabortegiaren luiziaren inguruko auzian herri akusazio gisa aurkeztu ahal izatea. Apirilaren 30ean atzera bota zen eskaera, eta, errekurtsoa jarri ostean, orain erabaki bera hartu dute bigarren aldiz: «Orain berriro esan digute ezin dugula herri akusazio gisa aurkeztu langileen eskubideak defendatu ahal izateko».
2020ko otsailaren 6ko luizian langileen eskubidearen aurkako delitua egon ote zen argituko du auziak, eta, bi plataformen arabera, «argitu gabeko kontu ugari daude» oraindik. Hala, oharrean nabarmendu dutenez, herritar gisa eskubidea dute auziaren barruan egoteko. «Juridikoki ez dago arrazoi nahikorik prozeduratik kanpo utziak izateko», salatu dute.
Autoan aipatzen denez, herri akusazio gisa aurkezteko, «interes gehigarri berezia» badela aurkeztu behar da, eta, epaitegiaren arabera, ez dute halakorik egiaztatu. Haatik, bi elkarteek oharrean salatu dute interes berezi hori ez dagoela arautua, «herritar gisa eskubidea dugu horretarako». Oharrean diotenez, auzian argitu nahi dute zer harreman diren «Eusko Jaurlaritzaren eta enpresen artean, langileen segurtasun neurriak eta eskubideak urratu diren, ingurumenaren aurkako jarduerak egin diren zabortegian...».
Haien ustez, horregatik, «funtsezkoa» da herri akusazio «sendo» bat egon ahal izatea. «Horregatik utzi nahi gaituzte kanpoan, ez dute interesik benetan zer gertatu zen argitzeko», ondorioztatu dute.