'KUTXABANK AUZIA'

Herri akusazioak kartzela zigorra eskatu du Fernandez, Alkorta eta Cabiecesentzat

Bi eta hiru urteko zigorrak eskatu dituzte Kutxabankeko presidente ohiarentzat, abokatuarentzat eta Espainiako Gobernuko ordezkari ohiarentzat.

'Kutxabank auzian' herri akusazioa osatzen duten eragileetako ordezkariak, artxiboko irudi batean. ARGAZKI PRESS
2016ko uztailaren 21a
09:03
Entzun

Hirurak inputatuta daude Kutxabankek, Mario Fernandez presidente zen garaian, Cabiecesi eginiko 243.000 euroren ordainketen inguruko auzian. Herri akusazioa osatzen duten eragileek —LAB, ESK, Steilas, EHNE Bizkaia, Hiru, Euskal Herriko Pentsiodunen Plataforma eta EKAk— gaur plazaratu dituzte auzitegira bidali dituzten ondorioak; bertan nabarmendu dute Espainiako Gobernuko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkari izateagatik baino ez zutela kontratatu Mikel Cabieces, eta kontratazio hori Rafael Alkorta abokatuaren bulegoaren bidez egin zutela. Gaineratu dute Mario Fernandez izan zela erabaki hori "aldebakartasunez eta Kutxabankeko organoen kontrolik gabe" hartu zuena.

Akusazioak aringarritzat jo du Fernandezek Kutxabanki itzuli ziola bankuak Cabiecesi emandako dirua; horregatik, bi urte eta hiru hilabeteko zigorra eskatu dute harentzat, eta hiru urte eta erdikoa Cabieces eta Alkortarentzat. Bizkaiko Auzitegiko fiskalak eskatu du bi urteko zigorrak ezartzeko, auzitegiak ebazten badu "administrazio desleiala" egin zutela akusatuek; ordea, hiru urteko zigorra eskatu du epaileak "bidegabeko jabetzea" atzematen badu.

Jone Goirizelaia herri akusazioko abokatuak azaldu du epaileak defentsa abokatuei emango dizkiela orain akusazioaren eta fiskalaren ondorioak, eurenak aurkez ditzaten. Horiek hala egin ondoren, Bizkaiko Auzitegiak data zehaztu beharko du ahozko epaiketa egin dadin. Hortaz, Goirizelaiak uste du luze joko duela prozesuak epaiketa egiten denerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.