egunKARIA AUZIA

Herri batzordeak sortu dituzte 'Egunkaria'-ren aurkako epaiketa dela-eta

Auzipetuei babesa emateko eta epaiketa salatzeko hasi dira herrietan mobilizatzen. Etzi Iruñean elkarretaratzea izango da.

2009ko urriaren 28a
13:59
Entzun
Aste batzuk barru da hastekoa Egunkaria-ren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean -ez dute zehaztua eguna-, eta Euskal Herriko hainbat herritan batzordeak eratu dituzte, auzipetuei babesa emate aldera eta epaiketa bera salatzeko.

Azkeneko asteetan hainbat bilera egin dituzte herrietan, eta dagoeneko hasi dira hitzaldiak antolatzen, bonoak saltzen...

Ostiral honetan Iruñean elkarretaratzea izango da, Egunkaria libre! lelopean. 12:00etan hasiko da, Udaletxe plazan.

Egunkaria-ko langile izandakoak ere mobilizazioak prestatzen dabiltza.

Bost auzipetu

Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga daude auzipetuta, ETAko kide izatea egotzita. Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen.

Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.

Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.

Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).

2003ko otsailaren 20an itxi zuten euskarazko egunkaria, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.