NAZIO EZTABAIDAGUNEA

«Herri estrategia egituratzeko» lanean hasi da Nazio Biltzarra

Nazio Garapenerako Biltzarrak eta Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordeak Osoko Bilkuraren onespena jaso zuten atzo, Donostian; horrenbestez, batzordeek lan ildoak finkatuko dituzte bihartik aurrera

gurutze izagirre intxauspe
DONOSTIA
2004ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
«Sakabanatuta dauden indarrak herri estrategia antolatu eta eraginkor batean egituratzea» da atzo aurkeztu zen Biltzarraren helburua. Horrenbestez, Nazio Eztabaidaguneko Osoko Bilkuraren onespena jasota, Nazio Garapenerako Biltzarrak eta Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordeak lanari ekingo diote bihartik aurrera.

Nazio Biltzarraren aurkezpen ofiziala adostutako adierazpen bat irakurriz egin zuten atzo, Donostian. Arritxu Santamariak irakurri zuen euskaraz, Abel Muniategik gaztelaniaz, eta Mixel Etxeberrik frantsesez.Orain arteko ibilbidea «esperientzia emankorra» izan dela dio agiriak, «gure herriaren premia nagusiak aztertzeko eta eztabaidatzeko aukera paregabea eman duelako Nazio Eztabaidaguneak». Iazko udaberrian Udal Hautetsien Biltzarrak iradoki zuen Euskal Herriaren nazio eraikuntza egituratzeko gune baten beharra. Proposamen hori aintzat hartuta abiatu zuen Nazio Eztabaidaguneak bere ibilbidea joan zen uztailean.Halere, abiatu berri den egitasmoak ez du orain arte abian dauden prozesuak ordezkatzeko asmorik; «nazio eraikuntzan ari diren eragileekin harreman egonkorra, iraunkorra eta eraginkorra» sustatzea dute helburu Euskal Herriaren «iraupena bermatzeko beharrezkoak» diren egitasmoak jasotzeko.

Herritarrak protagonista

Lan ildo horretan, euskal herritarrak protagonista izatea proposatzen du Nazio Garapenerako Biltzarrak. «Protagonista eta subjektu nagusi herritarrak bilakatu nahi ditu; Euskal Herriko lurralde guztietako herritarrek eraikuntza egitasmoetan lekua izango dute», dio hitzez hitz agiriak.

Nazio Garapenerako Biltzarrak lau zutabe nagusi izango ditu: Larrialdietarako Batzordea, Nazio Erakundetzea, Nazio Programazioa eta Nazio Eraikuntzaren Gogoeta Sarea. Horietatik, hainbat azpibatzorde egituratu dituzte, «Euskal Herriak bizirik irauteko gutxienekoak sortuko dituzten batzordeak». Hala nola, Udalbiltza berrantolatzea, lan harremanetarako euskal esparrua sortzea, babes sozialerako sistema sortzea, euskararen berreskuratze osoaren aldeko batzordea, hezkuntza sistema nazionala garatzea, euskal kultura lantzea eta beste. Eginbehar horietarako sortu dituzten batzordeek arduradun bana dute. Horien azpian egituratuko dira lan taldeak, batzorde bakoitzak duen eginbeharra aurrera eramateko.Batzorde horiek egin duten lanaren jarraipena eta egoerari buruzko irakurketa orokorra Nazio Eztabaidak egingo du. Horretarako, urtean behin biltzar orokor bat egitea hitzartu dute. Osoko Bilkura hori osatuko dute orain artekoek zein aurrerantzean atxiki daitezkeenek; Euskal Herriko hainbat esparrutan lanean dabiltzan eta beren lanagatik ezagunak diren pertsonek, hain zuzen.

Konponbiderako mahaia osatzen laguntzea helburu

Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordeak ere lan itzela hartu du bere gain. Euskal Herriko gatazkaren konponbidea lortzeko mahai bat osatzen laguntzea dute helburu. Inor eta ezer ordezkatu nahi ez duen batzordea dela berretsi dute. Batzordearen oinarria Euskal Herria aintzat hartu eta gatazka bat dagoela onartzea da. Hortik abiatuta, irtenbidearen aldeko lanean arituko dira.

Urtebeteko lanak prozesua eta helburuak zehaztea lortu du. Hemendik aurrera, izen-abizenak dituzten ordezkariak arituko dira orain arte zehazten ibilitako eginbeharretan. Halere, abiapuntua baino ez dela nabarmendu zuten atzo egindako agerraldian, lan eskerga hartu baitute Nazio Garapenerako Biltzarrean sartu diren ordezkariek.Prozesua hasieratik izan da irekia, eta, aurrerantzean, orain arte ez dauden zenbait esparrutako kideak sartzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.