Bi langa gainditu behar zituen, eta hala egin du. Hirigune elkargo bakarraren aldeko proiektuak lehen langa gainditu zuen joan den astean, herritarren erdien babesa gaindituta, eta gainditu du bigarrena ere; 158 herrietatik gutxienez 79k egitasmoa babestea.
Aiherrak, Bardozek, Atharratzek, Urrustoi-Larrabilek, Pagolak, Milafrangak eta Sarrikotapeak bozkatu dute azken orduetan proiektuaren alde. Horiekin, 80 dira aldeko herriko etxeak (169.437 herritar ordezkatzen dituzte, Iparraldeko biztanleriaren %57 inguru).
Bokalek eta Domintxainek, berriz, kontrako botoa eman dute (gaur-gaurkoz 24 dira kontrakoak; 84.916 herritar ordezkatzen dituzte).
Emaitzak horrela, 2017ko urtarriletik aitzina egitura instituzional propioa izango du Ipar Euskal Herriak. Hiru instantzia nagusik gobernatuko dute Ipar Euskal Herriko elkargo bakarra: 232 kidek osatutako elkargo kontseiluak, 69 kideko batzorde iraunkorrak eta 20 kideko bulegoak.
EEP Euskararen Erakunde Publikoa eta Ipar Euskal Herriko elkargo bakarra eskuz esku arituko dira hizkuntza politikaren arloan. Izan ere, EEP atxikiko da gaur egun egiten dituen lanetarako, baina elkargoak ere aintzat hartu beharko du euskara —eta okzitaniera— sustatzea.