HERRI GALDEKETARAKO DEIALDIA. Hautestontzietarako

Kontsultarako galderak argitu arren, galdeketa egingo ote den zalantzan dago. Legebiltzarrak baimena eman arren, Espainiako Gobernuaren helegiteak geldiaraz dezake prozesua.

Pello Urzelai.
2008ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak beste maila bat igo du bide-orrian. Espainiako Gobernuarekin akordioa egitea ezinezkoa dela aitortuta, kontsulta arautzeko lege proiektua onartu eta galderak ezagutarazi ditu. Lege egitasmoa gaur bertan utziko du Eusko Legebiltzarraren esku. Pauso hau eman arren, ez dago argi maila gehiago igo ahal izango dituen. Hemendik aurrera, hurrengo pausoak ez daude soilik Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien esku. Galderak argi egon arren, kontsulta egingo ote den zalantzan dago, Ibarretxeren ekimenak Eusko Legebiltzarraren baimena jasotzen badu ere Espainiako Gobernuaren helegitearekin talka egingo duelako. Edozein modutan, badirudi bide guztiek toki berera daramatela: botopaperak biltzen dituzten ontzietara bai, baina Eusko Legebiltzarrerako hautestontzietara.



EUSKO LEGEBILTZARRAREN HITZA. Herri Galdeketara Deitzeko eta Arautzeko Lege Egitasmoa gaur goizean eramango du Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrera. Irakurketa bakarreko prozeduraren bidez tramitatuko da, azkarrago egin ahal izateko. Prozedura horren bidez egitean, testua oso-osorik bozkatu beharko da eta ez da egongo aukerarik zatikako zuzenketarik aurkezteko. Onartu edo baztertu, beste aukerarik ez da izango. Egun, Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdiek ez dute nahiko gehiengorik egitasmoa aurrera ateratzeko. 75 legebiltzarkidetik 32 baino ez dauka hirukoak (EAJk 22, EAk 7 eta EBk 3). Proiektuaren kontra agertu direnek 33 boto dituzte (PSE-EEk 18 eta PPk 15). Aralarreko legebiltzarkide bakarraren sostengua ez litzateke nahikoa izango proiektua aurrera ateratzeko. Ezker Abertzalea legebiltzar taldearen botoak ezinbestekoak dira kontsultarako lege egitasmoa onartua izateko.

Kontsultarako lege proiektuak Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren babesa jasoko balu, Espainiako Gobernuaren helegitearekin topo egingo luke, Elena Salgado ministroak atzo iragarri zuenez. Espainiako Konstituzioaren 161.2 artikuluaren arabera, Espainiako Gobernuak Autonomia Elkargoetako organoen erabaki eta ebazpenei helegitea jarri ahal die Auzitegi Konstituzionalean. Inpugnazioak erabakia bertan behera uztea dakar, Auzitegi Konstituzionalak ebatzi arte. Auzitegiak bost hilabete dauzka errekurritutako erabakia konstituzionala den edo ez esateko.



HELEGITEAREN ONDORIOAK. Kasu honetan, Espainiako Gobernuak Eusko Legebiltzarrean bozkatu arte itxaron egingo du, eta baiezkoa gailentzen bada, berehala jarriko du helegitea, ekimenari ibiltzen ez uzteko. Orduan, Ibarretxek bi aukera izango ditu: Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren zain gelditu -abendura arte atzera daiteke hori- edo hauteskundeetara deitu, aurtengo udazkenerako, gatazkari eremu politikoan eusteko asmoz. Zain gelditzen bada, erabakia kontrakoa izateko arrisku handia du, eta bozetara deitu beharra gainean izango du, 2009ko apirilean amaituko delako legegintzaldia.

Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutuaren 9.2 artikuluan oinarritu du lege egitasmoa. Horren arabera, «euskal botere publikoek, beroriei dagozkien alorretan, Euskal Herriko politika, ekonomia, kultura eta gizarte alorreko bizitzan hiritar guztien parte-hartzea erraztuko dute». Baina Espainiako Gobernuak dio Jaurlaritzak ez daukala kontsultetara deitzeko eskumenik.

Bestalde, Legebiltzarraklege egitasmoa onartuko ez balu, Ibarretxek,agindutakoaren arabera, hauteskunde deialdia egingo luke. Ziurrenik, udazkenerako. Baina azkenaldian deialdia hain azkar egitea ez dela komeni esan du Urkullu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.