Erabakitzeko eskubidearen eta herri galdeketaren aldeko sinadurak biltzen hasiko dira asteburuan Debagoieneko hainbat herritan. Antolatzaileek azaldu dutenez, Erain Debagoiena taldea "ikaragarrizko erritmoan" ari da lanean: "Lantaldeak osatzeko bi deialdi egitea aurreikusi genuen, eta bigarrena bertan behera utzi genuen, ikusirik nolako erantzuna izan zuen lehenengoak, urte hasieran".
Hala, lanean jarri, eta eskualdeko herrietako "pertsona ezagunen atxikimendu zabala" jaso dutela baieztatu dute. "Herriotako eguneroko bizimoduko arlo guztiak ikusi ditugu ordeztuak otsailaren 27ko aurkezpen ekitaldian. Hainbat ideologia, belaunaldi, jatorri eta lanbide zeuden ordezkatuak". Hala, ziur daude lortuko dutela helburu gisa jarritako sinadura kopurua.
Egutegia, herriz herri
Orain, herri bakoitzak bere erritmora egokitutako egitaraua izango du, jakinarazi dutenez. Aretxabaletan, larunbatean egingo dute aurkezpena eta sinadura bilketaren hasiera —Arkupe kultur etxean, 11:00etatik aurrera—. Aramaion, larunbatean Satiñan egingo duten ekitaldian aurkeztuko dute. Argazkia aterako dute eta sinadurak biltzen hasi, besteak beste. Arrasaten ere larunbatean hasiko dira kanpainarekin: jai giroan osatutako egitaraua egin dute, baina ekitaldia 12:00etan izango da, plazan. Bergaran, herriko alderdi politikoetako ordezkariek haritz bat landatuko dute elkarrekin, Orixondo plazaren inguruan, larunbatean, 11:30ean. Oroigarri bat jarriko dute horren ondoan, eta ordezkari horiexek jarriko dute sinadurak biltzeko mahaia. Eskoriatzan ere larunbatean dute ekitaldia: herriko plazan elkarretaratzea egingo dute, 12:00etan, eta, gero, giza katean joango dira Zaldibar antzokiraino, han sinadurak biltzen hasteko. Leintz-Gatzagan, igandean hasiko dira sinadura bilketarekin, Toki Eder txokoan.
Antzuolan, hilaren 11n hasiko dira bilketan; Oñatin, hilaren 12an. Elgetan oraindik ez dute zehaztu eguna, baina sinadura bilketa abiatu aurretik azalduko dute egitaraua.
Webgunea ere prestatu dute, informazio osagarria kontsultatzeko.
Sinatzeko azken egunak Azpeitian
Nahiz eta aurrez markatutako 1.500 sinadurak lortuak dituzten, sinadurak biltzeko kanpainari eutsi dio Hitzartu Azpeitia taldeak, eta hilaren 12ra arte izango dute azpeitiarrek atxikimendua emateko aukera. "1.500 sinaduren langa igaro genuen, baina guzti-guztiak dira beharrezko, urtarrilean dozenaka lagunek hasitako bideari jarraipena ehunka herritarren artean eman diezaiogun". Hilaren 12an, hain zuzen, kriseiluen gauarekin amaituko dute kanpaina: 19:30ean jasotako sinadura guztiak zenbatu, eta kriseiluak aireratuko dituzte, Zelai Luzen.
Herritarrak animatu dituzte kriseiluen ekitaldian parte hartzera. "Berebiziko garrantzia du martxoaren 12ak, erabakitzeko eskubidearen aldeko ibilbide honetan jarraitzeko pauso garrantzitsua izango delako. Horregatik nahi dugu denek parte hartzea: haur, heldu, adineko... Borondateak ez baitu adin, sexu edo ideologiarik".