HERRI GALDEKETAREN LEGE PROPOSAMENA. Espainiako Konstituzioaren «muga» agerian uzteko bozkatuko du EHAK-k

Herri galdeketarako lege egitasmoaren aldeko boto bat emango du, eta gainerakoak abstentziora joango dira

Jon Rejado.
2008ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Konstituzioaren eta gaur egungo legediaren muga agerian uzteko urriaren 25eko herri galdeketarako lege egitasmoaren bidea «ez oztopatzea» erabaki du EHAK-k. Egungo esparru politiko eta juridikoak Euskal Herria burujabe izatea galarazten duela deritzo, eta hori horrela dela agerian uzteko asmoz, dituen bederatzi botoetatik bat emango dio Eusko Jaurlaritzaren proposamenari gaur. Gainerakoak abstentziora joango dira, EAJk egungo esparruaren «izaera ukatzailea» gainditzeko asmorik ez duela salatzeko.

Egun indarrean dagoen esparru konstituzionalak «Euskal Herriaren izaera bera ukatua eta zatitua» daukala azaldu zuen Nekane Erauskin Ezker Abertzalea legebiltzar taldearen bozeramaileak atzo, bere taldearen botoa jakitera emateko beste zortzi legebiltzarkideekin egindako agerraldian. Egoera horrek lekurik gabe uzten du erabakitzeko eskubidea, eta euskal herritarrei haien etorkizunaren inguruan erabakitzea galarazten diela kritikatu zuen. «EAEko lehendakariak loteslea izango ez litzatekeen galdeketa huts bat egitea ere debekatzen badu, nola ez du bada galaraziko Euskal Herria burujabe izatea?», adierazi zuen.

Haatik, EAJk esparru konstituzionalaren «joko arauak» aldatzeko asmorik ez duela azpimarratu zuen Erauskinek. Ibarretxe Plana adibidetzat jarri zuen, 2004ko abenduaren 30ean Eusko Legebiltzarrak onartu egin zuen arren «Madrilen ezezkoa jasota behin betirako tiradera batean sartu zuen». Orduan gertatu zen bezala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei galdeketa egiteko lege egitasmoaren gaurko plenoa historikotzat jo dela gogoraekarri zuen, eta duela lau urteko irudia errepikatuko dela iragarri zuen: «EAJ erabakitzeko eskubidearen bandera elektorala astintzen, eta Madrilgo ezezkoaren aurrean, legalitate espainiarrari men egiten».

Hauteskundeetara begira

EAJk erabakitzeko eskubideaz egiten duen «manipulazioa» salatu egin behar dela adierazi zuen EHAK-ko legebiltzarkideak. «Badaki erabakitzeko eskubidea ez dela kontsulta bat egitea», zehaztu zuen. Hala, gaur egungo esparru konstituzionala da erabakitzeko eskubidea ukatzen duena, EHAKren iritziz, eta EAJk horren aurka egin beharrean hauteskundeetara begirako urratsa egin duela uste du. EAJk bere «boto poltsa betetzeko» Euskal Herriaren herri aldarrikapenaren ordezkaritza bereganatu nahi du, eta PSOErekin «itxurazko konfrontazioa antzeztu», Erauskinen arabera.

Herri galdeketaren lege egitasmoa hauteskundeetako emaitzak hobetzeko bitartekoa izateaz gain, euskal gizartearen aldaketa nahia «erreforma huts» baterantz bideratzeko bitartekoa dela nabarmendu zuen Erauskinek. «Espainiako Estatuaren baitako asimilazioari eta egitasmo autonomistari hauspoa emateko bitartekoa ere bada». Hori lortzeko gizartean zabaldutako aldarrikapenak «lotsagabeki manipulatu, desitxuratu eta bereganatu» nahi dituela kritikatu zuen.

ETAren azken su etenaren garaiko negoziazio prozesuan jarrera hori «oso nabarmen» gelditu zela deritzo EHAK-k: EAJk eta PSOEk akordioari ezetz esan ziotela, eta prozesu horren ostean bi alderdiek agertu zuten jarrera egungo esparruaren erreforma hutsa hitzartzea zela. «PSOEk jakin badaki esparru demokratiko bat eraikitzeak Espainiaren batasunaren amaiera ekarriko lukeela».

Esparru demokratiko batean euskal gizartearen gehiengoa euskal estatu baten alde agertuko litzatekeela uste du EHAK-k. Horren aurrean, EAJk nazio proiekturik ez duela esan zuen Erauskinek, eta egitasmo bakarra egungo testuinguruan lotu dituen «botere esparruak» bermatzea duela gehitu zuen. «EAJren alternatiba Euskal Herria zatiturik, ukaturik eta menpean edukitzea da».

Anoeta «desitxuratua»

Ibarretxek gatazkaren konponketarako aukeratu duen bidea ezker abertzaleak Anoetan proposatutakoaren «bertsio desitxuratua eta manipulatua» dela salatu zuen Erauskinek. Jaurlaritzakbakegintza eta normalizazio politikoa bereizten baditu ere, bakegintza ETAren «desagerpen hutsarekin» parekatzen duela eta gatazka politikoa EAEren eta Estatuaren arteko harremanen blokeo egoera batera mugatu duela adierazi zuen legebiltzarkideak.

Orain dela lau urte Ibarretxe Planaren bozketan hartutako bideari eutsi dio ezker abertzaleak, Erauskinen esanetan. «Bai esan zion Euskal Herriari, bai autodeterminazio eskubideari, ez autonomismoari eta ez iruzurrari».



«Egungo markoak loteslea ez den galdeketa bat debekatzen badu, burujabetasuna nola ez du bada galaraziko?»



«Gizartean zabaldutako aldarrikapenak EAJk lotsagabeki manipulatu eta bereganatu ditu»



«Espainiako Estatuaren barneko asimilazioari hauspoa emateko ere bada herri galdeketa»

NEKANE ERAUSKIN
EHAK-ko legebiltzarkidea






Gaurtik aurrerazer

Helegitea: Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalean inpugna dezake Eusko Legebiltzarrak onartutako legea.

Legea indarrik gabe: Auzitegi Konstituzionalak helegitea tramiterako onartzen duenean, legea behin-behinean bertan behera geldituko da.

Epaia: Sententzia emateko bost hilabeteko epea du Auzitegi Konstituzionalak.

Galdeketa: Auzitegi Konstituzionalak epaia eman bitartean ezingo da, legez, galdeketarik egin. Oso litekeena da Auzitegiak epaia ematerako urriaren 25a pasatuta egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.