Datorren urriaren 25ean bi galdera egiteko Kontsultarako Legea onartu du Eusko Legebiltzarrak, baina jakin gabe egun horretan kontsulta egiterik egongo ote den. Izan ere, bozketaren emaitza jakin bezain laster Espainiako Gobernuak iragarri du Auzitegi Konstituzionalera jotzeko tramiteak hasiko dituela legea «EAEko buletin ofizialean argitaratzen den egunean bertan». Horren arabera, liteekena da helegitea datorren ostiralean jartzea, ministro kontseiluak horretarako erabakia hartu ondoren.
Baina bitxia bada ere, kontsultaren legaltasunaren inguruko eztabaida saihestu dute PSE-EEk eta PPk, legea Auzitegi Konstituzionalean errekurritzearen alde dauden bi alderdiek. Patxi Lopezek, lehen hitzaldian, ez zion heldu gaiari, eta, bigarrenean, aipamen laburra egin zuen. «Ez Andaluziak ez Kataluniak deitu ahal dute zuk nahi duzun bezalako kontsulta bat, eta deitu ahal dituztenek egin dezakete haien estatutuak erreformatu dituztelako». PPko eledun Leopoldo Barredak iragarri badu ere bere alderdiak helegitea jarriko duela azaletik heldu zion gaiari.
Ibarretxe, ordea, legearen legaltasuna argudiatzen ahalegindu da. «Legezkoa da, loteslea ez den herri galdeketa bat ez baita erreferenduma, eta, beraz, ez du zertan bete Konstituzioko 149. artikuluak ezarritako betekizunik. Antzeko galdeketak onartuta daude beste autonomia-estatutu batzuetan ere, Konstituzioa aldatu beharrik izan gabe horretarako».
«Lehen pausoa»
Halaber, Ibarretxe lehendakaria berak eta EAJ, EA eta EBko ordezkariek kasik ez dute aipatu debekuaren aukera eta horren aurrean zer egin asmo duten. Ekimenaren garrantzi «historikoa» eta atzeraezintasuna nabarmentzea hobetsi dute. «Seguru nago», ziurtatu du Ibarretxek, «datorren urriaren 25ean gertatzen dena gertatzen dela ere, bidea urratu dugula dagoeneko. Ateak irekita daude, Euskal Herriak bere etorkizuna erabaki dezan. Atea zabalik dago betiko, eta inork ezin izango du, munduko eragozpen juridiko, traba politiko eta atzerapen guztiak jarrita ere, inork ezingo du ate hori itxi. Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea baliatu behar du, eta bide horrek ez du, ez, atzera bueltarik». Hori dela eta, Ibarretxek aitortu du inoiz ez bezalako «barruko zirrara eta harrotasuna» sentitu duela.
Egibar balizko debekuaren helburua azaltzen saiatu da. Egibarren ustez, alderdi sozialista eta PP herritarrei galdetzea eragozten saiatuko dira «subjektu politiko berri baten kimua» dela uste dutelako. «Gatazka politikoaren muina ukitzen ari gara! Egungo egoeratik, bi subjektu politikoak elkarbizitzen ahal diren beste batera ez bagara pasatzen ez da amaituko gatazka politikoa».
Unai Ziarreta EAko eledunak, berriz, lehen pausotzat jo du kontsulta. «Lehen pauso bat da, eta horri beste pauso batzuk gehituko zaizkio». Pauso horiei buruz zehaztasunik eman gabe, pauso horien norabidea argi utzi du: «Kontsulta bide bat da, Euskal Herri independente eta berbatuan sinesten dugunok ibili behar duguna. Hau zabaltzen den atea da, lehen pausoa».
Geroa ere gogoan izan du Aralarreko eledun Aintzane Ezenarrok. Aurrera begira, elkarlanerako eskaera zehatza egin dio Ibarretxeri: «Bihartik aurrera, kontsultaren prestakizunetan elkarrekin aritu behar dugu. Horrela bakarrik lortuko dugu, besteak beste, gizartearen zati handi bat mobilizatzea eta ondorioz proiektu honek Estatutu politiko berriak baino ibilbide emankorragoa izatea». Horren harira, zailtasunei eta debekuei «herri bezala» erantzuteko deia egin du Aintzane Ezenarrok.
Ekimenaren etorkizunari buruz, bestelako ikuspegia azaldu du Nekane Erauskin Ezker Abertzalea taldeko bozeramaileak. Erauskinen esanetan, EAJ eta PSOEren arteko liskarra «itxurazkoa» eta «faltsua» da. «Biek helburu bera duzue: muga konstituzionalen barruan Gernikako Estatutuaren erreforma bat egiteko itun bat hitzartzea». Ibarretxeri ere zuzendu zaio: «Guk ez dugu galaraziko kontsulta aurrera ateratzea, Konstituzioak galaraziko du eta EAJk onartuko du eta zuk onartuko duzu». Ziarretari, aldiz, eskatu dio azaltzeko «nola sortuko den estatu bat benetako aldaketa politikoa egin gabe».
Lurraldetasuna eta zatiketa
Egibar arduratuko zen gero, akusazio horiei erantzuteaz. «Bide luzeko gara eta guk Espainiako Estatuaren aurrean ez baldin badugu lortzen erabakitzeko eskubidearen egikaritza, ez da izango gure asmo faltagatik edo kemen faltagatik, saiatuko gara». Prozesu berri bat legitimatzeko, ordea, ETA desagertzea beharrezkoa izango dela nabarmendu du Egibarrek. «Ez dugu nahi kaputxa baten barruan dagoen pentsamenduaren erabakirik. Ez kaputxarik, ez mordazarik».
Lurraldetasunaren gaia Erauskin eta Ezenarroren ahotan izan da. Erauskinek, lege proiektuaren hutsunetako bat nabarmentzeko. Izan ere, egitasmoa aurrera egitea ahalbidetzeko arrazoietako bat «alternatiba bakarra marko konstituzional autonomikoa gainditu eta marko demokratikoa erdiestea dela agerian uztea» izan da. Horrez gain, zehazki EAJri Nafarroa albo batera uztea egotzi dio: «Nafarroak ez du lekurik zuen hautu estrategikoan, Nafarroak ez du lekurik zuen Euskadi horretan».
Bestelako ikuspegia du Aralarrek. Ezenarroren esanetan, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako alderdi abertzaleek ikusten dute kontsultak «inflexio puntu bat» jartzen duela Euskal Herriko lurraldeekiko begira. «Kontsulta honek ezartzen du herri bat garela, subjektu garela, eta abiapuntu bat da. Eta haiek ere, oso-oso gogotsu ikusten dute».
Kontsultaren ekimenak eragin lezakeen zatiketa izan zen eztabaidako beste gai aipagarri bat. Bai Patxi Lopezek bai Leopoldo Barredak egotzi zioten kontsulta legeari «euskaldunen artean zatiketa eta segurtasun falta» sortzea. Argudioa aurreikusita, Ibarretxek prestatuta zuen erantzuna. «Herri-galdeketek, herritarrei arazo publikoetan parte hartzeko bidea emanda, ez dakarte zatiketarik, eta, aldiz sendotu egiten dute demokrazia. Ez du gizartea zatitzen galdetzen duenak, galdetzea debekatzen duenak baizik».
«Ez dugu nahi kaputxa baten barruan dagoen pentsamenduaren erabakirik»
Joseba egibar
EAJko bozeramailea
«Kontsulta aurrera aterako da gatazka iraunaraztea nahi duen boto erabakigarriarekin»
patxi Lopez
PSE-EEko bozeramailea
«ETAk agindu du lege proiektu honen alde bozkatzea, planarekin egin zuen bezala»
Leopoldo barreda
PPko bozeramailea
«Datorren urriaren 25ean gertatzen dena gertatzen dela, bidea urratu dugu dagoeneko»
«Ez du zatitzen galdetzen duenak, galdetzea debekatzen duenak baizik»
juan jose ibarretxe
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria
«Konstituzioak galaraziko du, EAJk onartuko du etazuk ere bai [Ibarretxeri]»
nekane erauskin
Ezker Abertzalea taldeko bozeramailea
«Hau da bide bakarra Madrilgo gobernuak ezartzen digun blokeoegoeratik irteteko»
unai ziarreta
EAko bozeramailea
«Ezkerrak ezin dioatea itxi herritarrenparte-hartzeari. Hau lehen pauso bat da»
kontxi bilbao
Ezker Batuko bozeramailea
«Bihartik aurrera, elkarrekin aritu behar dugu kontsultaren prestakizunetan»
aintzane ezenarro
Aralarreko legebiltzarkidea
EABren botoa onartuz, ETA legitimatzea egotzi diote PPk eta PSE-EEk Ibarretxeri
Ezker Abertzalea taldearen baiezko boto bakarrak zeresan ugari eman du eztabaidan. ETAri zilegitasuna ematea aurpegiratu diote Ibarretxeri PPk eta PSE-EEk. «Ez duzu proposamen bat egin oposizio demokratikoarekin adosteko. EHAKren sostengua bilatzeko egin duzu. Zure bakerantz aurrera egiteko kontsulta gatazka iraunaraztea bilatzen duen boto erabakigarriari esker aterako da», Patxi Lopezen esanetan. Leopoldo Barreda urrunago joan da: «ETAk agindu du lege proiektu honen alde bozkatzea». Erantzuteko txandan, Ibarretxek gogoratu die PPri eta PSE-EEri Aznar eta Zapatero ETArekin bildu eta negoziatu dutela. «ETAren sostengua izan zenuten Espainiako Gobernuaren jarrera garatzeko? Gutxiago zatitzen du Zapaterok ETArekin erabakitzeko eskubideaz hitz egiteak, lehendakariarekin egiteak baino?».DBai
EAJ. Argudio hauek eman ditu Joseba Egibarrek baiezkoaren alde. «Galdeketek ez dute demokrazia ahultzen, sendotzen baizik». «Kontsultak, nahiz eta loteslea ez izan, legitimitate politikoa ematen du, eta horrek eraldatzeko gaitasuna du muga berriak sortzeko, eta hori demokrazian sakontzea da».EA. «Hau da bide bakarra Madrilgo Gobernuak ezartzen digun blokeo egoeratik irteteko». «Kontsulta, EArentzat, amaitu gabeko trantsizioaren kapitulua ixteko bidea da». «Denon artean irekiko dugun atea bat da».
EB. «Ezkerrak ezin dio atea itxi herritarren parte-hartzeari, lehen pausoa ematen ari gara».
Aralar. «Proiektu honek gatazka politikoaren muinari heltzen dio, kontsulta honek bidea irekitzen dio erabakitzeko eskubideari praktikara eramateko». «Gatazka desblokeatzen laguntzeko akuilua izan daiteke».
EHAK. «Espainiako Konstituzioaren topea agerian uzteko». «Gernikako Estatutua eta Foru Hobekuntzaren eta egitasmo autonomikoen porrotaeta alternatiba bakarra esparru demokratikoa erdiestea dela agerian uzteko».
DAbstentzioa
EHAK. «Legeak EAJren hauteskunde interesei erantzuten die, eta zatiketa eta menpekotasuna iraunarazi nahi ditu».DEz
PSE. «Zatitu egiten gaitu». «Adostasuna eta akordioa urrundu egiten ditu». «Segurtasun eta konfiantza falta sortzen du gure ekonomia eta ongizatearen kalterako». «Non dago indarkeriari babes politikoa ematen dutenen deslegitimatzea?». «Non dago joko arauak eta legalitateak errespetatzea eskatzen duenoinarrizko printzipio demokratikoa?».PP. «Batasuna legitimatzea antidemokratikoa bada, antidemokratikoa da zalantzan jartzea legaltasun demokratikoa, euskal herritarrek ezarritako joko arauak». «Zenbat lanpostu sortzen ditu lege honek, lehendakari? Zenbateko segurtasuna eta konfiantza sortzen du?».