Euskal Herria

'Herri harresi' komun bat arazo ezberdinei erantzuteko

Euskal Herriko eragileen arteko akordioak lantzeko deia egin dute Bilbon, horrela, epaiketa politikoetan auzipetuta daudenen arazoei, langileenei eta kultur esparruan gertatzen direnei aurre egiteko. Ostiralean Bilboko manifestazioan parte hartzeko eskatu dute. 

2013ko abuztuaren 20a
18:46
Entzun

Krisia pairatzen ari diren bi enpresatako langileek, konpartsen ordezkariek eta hainabt epaiketa politikotan auzipetuta daudenek hitza hartu dute gaur Bilbon osatu duten mahai inguru batean. Kaskagorriren txosna aurrean eman duten hitzaldian beharrezkotzat jo dute Euskal Herrian eragile zein herritarren arteko akordioak lantzea, hala, Espainiako estatu ereduak egun duen “krisi sakonari aurre egiteko”. Era berean, herri harresi “ezberdinak” osatzeko deia egin dute, horrela erantzun bateratu bat eman ahal izateko esparru ezberdinetan izaten ari diren “erasoen aurrean”.

Arriagaren atzean osatu dute mahai ingurua, eta, bertan nabarmendu dutenez, langileen eskubideak eusteko herri harresien beharra dago. Modas Mari Luz enpresaren kasua jarri dute eredu gisa, hango langileek kaleratzeagatik kalte-ordainak jasotzea lortu baitzuten hainbat mobilizazioren ostean.

Bediako (Bizkaia) Incoesa lantegiaren kasuan, berriz, borrokarekin jarraituko dutela adierazi dute Arriaga aurrean bildu diren langileek. Incoesakoek, 40 urtez lanean aritu eta gero, hiru hilabete daramatzate kanpatuta lantegi aurrean, gau eta egun, “baldintza justuak lortzeko” borrokan. Izan ere, azpimarratu dute ez dituztela onartuko eskainitako baldintzak, soldataren %40ko jaitsiera tarteko.

Iñigo Errekagorriren esanetan, lantegia Extremadurara eraman nahi dute, eta, deslokalizazioari aurre egiteko, Bizkaiko Aldundiaren inplikazioa eskatu dute.

Epaiketa politikoen planoan, berriz, 35/02 sumarioan inputatuta dagoen Sabin Del Badok eta gazte mugimenduen aurkako auzian inputatuta dagoen Carlos Renedok azaldu dute urrirako aurreikusita dauden epaiketa bien aurrean elkartasunez erantzun beharra dagoela. Horrela, irailaren 29an Lekeition egingo duten elkartasun egunean eta ostiral honetan Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Konpartsen kasuan, berriz, "makinaria kapitalistaren aurrean" jai eredu parte hartzaileak eta herrikoiak defendatuko dituztela azaldu dute Kaskagorri konpartsako kide Ane Muguruzak eta Mekauen konpartsako kide Patricia Lezamak. Era berean, Bilboko Udalak “asmo pribatizatzaile garbiak” dituela salatu dute.

Adibide gisa jarri dute, besteak beste, txiki gunea jai gunetik urrundu izana, dohako kontzertuen aurka BBK Live eta En Vivo bezalako makro-kontzertu pribatuak bultzatzea eta jaietako ikonoek erasoak jasan izana.

Muguruzaren esanetan, hainbat eraso jasotzen ditu eredu mistoak, eta jakinarazi egin behar dira. Konpartsa batzuek jasandako erasoen inguruan herri harresi “ezberdin bat” bultzatu beharra aurreikusi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.