EUSKAL HERRIA

Herri harresia eraiki dute Amaiurren

Ordu erdi atzeraturik hasi da Amaiurko herri harresia, norabide guztietan hara iristeko jarri dituzten kontrolak direla eta. Aritz Azkona eta Maider Caminos absolbitutako gazteak txalo artean hartu dituzte bertaratutakoek, eta "harriz harri, herriz herri" herri harresia indartzearen garrantzia azpimarratu dute.

2013ko uztailaren 27a
14:43
Entzun

Poliziaren kontrolak direla eta, atzerapenarekin irudikatu dute herri harresia Amaiurren (Nafarroa). Txalaparta doinu eta kantariak eman diote hasiera ekitaldiari, eta Ekaitz Astizek bertsoa bota du. Zigor Olabarria Eleak mugimenduko kideak hartu du lehenik hitza, eta Iruñerriko bi gazte zigortuentzako txalo beroa eskatu die Amaiurren bildu diren 300 pertsona ingururi. Iruñerriko gazteen aurkako eta beste "ehunka lagunen" aurkako prozesuak geldiaraztea eskatu dute.

Gasteiz, Donostia eta Iruñerriko herri harresietako ordezkariek hartu dute hitza Amaiurreko ekitaldian. Lehengo, Ekaitz Samaniegoren aldeko herri harresiko ordezkari batek hartu du hitza, eta esan du herri harresiak "kanpotik indartsua eta sendoa" behar duela izan, eta aldi berean, barrutik "beroa" izan behar duela. Donostiakoek azpimarratu dute tokian-tokian bakoitzak "bere errealitatera egokitu behar duela" herri harresia, eta desobedientziarako deia azpimarratu du.

Maider Caminosek hartu du hitza Iruñerriko gazte auzipetuen ordezkari gisa. Caminos, Azkona eta Jimenez bezala (azken hori espetxeratuta dago beste auzi batengatik), absolbitu egin dute. "Oztopo guztien gainetik" bertan jarraitzen dutela esan du Caminosek, eta behin eta berriz errepikatu du ez dituztela Luis Goñi eta Xabier Sagardoi eramango. Caminosek gogora ekarri du euren auzia nolakoa izan den: "Bost urteko ibilbide malkartsua izan da. Zazpi espetxeratu gintuzten, eta gehienek torturatuak izan ginen. Horietatik seik hiru urte eta erdiko behin-behineko atxiloaldia bete behar izan zuten". Azkenean, Goñi eta Sagardoiri berretsi die Auzitegi Nazionalak seina urteko espetxe zigorra, Caminos, Azkona eta Jimenez absolbituz. Dena den, Caminosek gogorarazi du ez dutela epai hori onartzen, "zilegitasunik ez duelako, torturetan oinarritutakoak" direlako.

Hizlari bakoitzak berea esan ostean, harri bat jarri dute Amaiurko monolitoaren ondoan, baita Azkonak eta Caminosek ere. Eleak mugimenduko Oihan Ataunek jarri ditu Goñi eta Sagardoiri dagozkien bi harriak, eta horren ostean, Amaiurren bildu diren 300 pertsonek herri harresia irudikatu dute hango monolitoaren inguruan. Ataunek "udazkena laranjaz zipriztintzeko" deia egin du, herri harresiaren sinbolo bihurtu den kolorearekin.

Asteartean epaia jakin baino ordu batzuk lehenago, gazteek ezkutatzea erabaki zuten, eta ordutik, Jimenez ez beste laurak ezkutatuta egon dira. Sagardoik eta Goñik ezkutatuta jarraitzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.