Jon Sarasua (Irakaslea eta pentsalaria)

"Herri honi dariona gizarte antolamenduaren energia da"

Euskaldunen komunitateak kultura sortzeko sen propioa garatu behar duela dio, besteak beste. Gaur hitzaldia emango du Orion.

Xabi Aizpurua Ugarte (Urola Kostako Hitza)
2011ko otsailaren 16a
19:51
Entzun
Orio, euskarazko arnasgunea sendotu izeneko jardunaldien barruan, Ideia batzuk norabideari buruz hitzaldia emango du gaur 19:00etan Jon Sarasuak (Aretxabaleta, 1966). Kultur etxeko aretoan daudenekin solasaldia sortzeko eta esperientziak partekatzeko asmoa du Sarasuak. Besteak beste, euskaldunen hiztun komunitateak berrantolatu beharko lukeen estrategia orokorra izan du hizpide Hitza-rekin.

=b'Ideia batzuk norabideari buruz' goiburua jarri diozu zure hitzaldiari. Euskalgintza norabidea galduta ikusten al duzu ba?=b

Ez, nik uste dut euskalgintza azken urteetako martxan doala; kontu asko daude abian euren norabidearekin. Hala ere, estrategia edo etorkizun-ikuspegi aldetik ilunaldi moduko bat dagoela uste dut. Norabideaz badago kezka, gero eta zabalduago dena.

Norabidea aipatzean , zer esan nahi duzu?

Gizarte jardun guztiek hiru plano dituzte: etorkizun-ikuspegia edo bisioa da lehenbizikoa, eta hartu beharreko norabidea zehazten du. Horren azpian, estrategia dago: amestutako egoerara hurbiltzeko epe motz, ertain eta luzeko helburuak kateatzeko gaitasuna. Azkenik, egin beharreko ekintzak daude. Hiru plano horiek uztartu behar ditu edozein elkarte txikik edo hizkuntz estrategia handik. Egoera aski konplexua da, eta badago nahiko elementu plano horiei buruzko gogoeta sakona egiteko.

Gogoeta sakonik gabeko kontu asko entzuten da, ordea, euskarari buruz.

Konparazio bat jarriko dut. Ekonomiaren gaian denok iritzia ematea ondo dago; baina, gisa horretako iritzi soilak ematetik ondo argudiatutako iritziak ematera badago tartetxo bat. Askonan iruditzen zait hizkuntzaren kontuekin ere titularrak betetzen dituen jendeairitzia emanez dabilela, politikariak eta idazleak esaterako, eta zorroztasuna falta zaiela lehen aipatutako hiru mailako pentsamendu horretan. Pentsamendu organikoa falta dela iruditzen zait, organoetan eragingo duena. Lehen bezala, «zer egin?» galdetuko duen pentsamendua da momentu honetan gure hizkuntz komunitateak behar duena. Ez dut esango horrelakorik ez dagoenik, badago-eta, baina iruditzen zait gehiago sustatu beharrekoa dela.

Norabide hori zehazteko ideia zehatzak emango al dituzu?

Gaurkoa ez da gidoi itxia duen hitzaldia izango, solasaldia izango da gehiago. Dena dela, azken urteotan landu ditugun ideia batzuk botako ditut, hainbat planori dagozkienak. Esaterako, hizkuntzaren hegemonia guneei buruz pentsatu eta ekin egin behar dela iruditzen zait. Bestalde, aniztasunaren kudeaketaz ere hausnartu beharko da. Eta "zer egin?" galdetzean, erabaki beharko dugu zer dagokion herrigintzari, administrazioari, eragile pribatuei...

=bJardunaldi hauen goiburuak 'euskarazko arnasguneak' aipatzen ditu. Zer garrantzia dute zuk aipatu dituzun gune hegemoniko horiek?=b

Hemen badago elebitasunaren diskurtsoa, diskurtso interesatua, eta neurri batean, hor harrapatuta egon garela iruditzen zait.Dena den, munduko hizkuntzen historiak argi erakusten du: hegemonia guneak dituztelako irauten dute hizkuntz komunitateek. Hizkuntza bat nagusi eta zentrala den eremua da hegemonia gunea, eta ez du zertan izan zentzu geografikoa soilik.

Euskalgintzak orain arteko susperraldi handienetakoa izan zuenean, 60ko eta 70ko hamarkadetan, herri mugimenduak erakunde publikoak aurka zituen.Urteotan harreman horiek izan duen garapena nola ikusi duzu?

Garbi dago euskalgintza modernoaren historian gizarte antolakuntzako eragileak izan direla garrantzitsuenak. Batzuen ustez euskara normalizatua balego ez zatekeen hori gertatuko, baina nik ez dut hori pentsatzen. Herri honi dariona gizarte antolatuaren energia da. Hizkuntz komunitate minorizatua gara eta gune sinbolikorik garrantzitsuena gizarte mugimenduak sortu du. Azken 30 urteotan paper banaketa bat gertatu da herrigintzaren eta erakundeen artean.

Aurrera begiratuta, zer joera sumatzen duzu?

Gurea bezalako gizarte batean, eta are gehiago etorkizun batean, paper banaketa bat etorriko da. Gizartean hiru zirkulo nagusi daude. Batetik, estatua eta jardun publikoa dago; bestetik, merkatua edo irabazi asmoko jarduna; eta azkenik, gizarte antolatua eta autoeratua. Gure jarrera ideologikoaren arabera, zirkulo horiei garrantzia gutxiago edo gehiago emango diogu. Nolanahi ere, zalantzak ditut lidergoa edo gidaritza sinbolikoa erakunde publikoei dagokien edo hizkuntz komunitatetik bertatik sortutako erakunde sozialei ote dagokien.

Nazioarteko hainbat herrialdetan ibili zara hemengo esperientzia partekatzen. Zer ikasi duzu bidaia horietan?

Lehenbizi, sintesi lana egin behar da. Euskal Herriko esperientzia sintetizatzeak eta besteen begietatik geure burua ikusteak asko laguntzen du geure gako nagusiak argitzen. Bestetik, alor emozionala dago. Bizi-kinkan dagoen hizkuntz komunitatea gara,eta egoera berean daudenbeste batzuekin esperientziak partekatzeak energia ematen du. Azkenik, jaso izan dugun mezua da hizkuntzaz gain beste elementuak ere zaindu behar dituela. Euskaldun izatearen motibazioa ez da biziberrituko ingelesez eta gaztelaniaz egiten dena, besterik gabe, euskaraz ere eginda, maila kopiatuan. Kultur sen edo genio propioa garatu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.