Gaurtik hasita datorren ostegunera arte herri kirolak izango dira Foruen plazan. Egunero 12:00etan hasiko dira saioak eta hainbat jardueratako hamar txapelketa egingo dira guztira. Hamabost erakustaldi inguru ere antolatu dituzte, tartean umeentzako moduko bi.
Esan bezala, gaur hasiko da herri kirolen txanpa. Hasiera emateko Nafarroako harri jasotze eta fardel jasotze txapelketak izango dira. Baita Joxe Bikondoaren erakustaldi bat ere.
Datozen egunetan trontzalariak, sokatira saioak, fardo jaurtiketa, aizkolariak, gurdi jasotzea, txinga eramatea eta motozerra erakustaldiak ikusi ahalko dira, besteak beste.