Herri Kontuen Euskal Epaitegiak jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2009an (EAJ-H1!) ez zuela Bidegi errepideetako enpresa publikoaren bost kontraturen lizitazioen berri eman Europako Batasuneko agerkari ofizialean, 12,8 milioi euroko kontratuak ziren, EAEko epaitegi hark dioenez.
Gipuzkoako Aldundiaren duela hiru urteko diru kontuez egindako fiskalizazioan "nabarmendu" dituen beste bi gauza: AP-1eko Eskoriatza iparraldea-Arrasateko lanean Bidegik aurrekontua %52 handitu zuela eta 2011ko ekainean kontuak kitatzean %22ko hazkunde gehigarria izan zela inolako kontratutan oinarritu gabe.
Haren arabera, Diputazioak berak emandako obretan, GI-131ko Donostia-Hernani zatian aurrekontuak %32ko hazkundea izan zuen, errepide berean Urnietako saihesbidean %46koa eta GI-2637ko Segura-Zegaman %53koa.
Herri kontuen epaitegiak dio Gipuzkoako Aldundiak, oro har, araudia ondo bete zuela.
Aurtengo urtarrilean Diputazioak jakinarazitako datuen arabera, Aldundiak berak kudeatutako lanetan %2 eta %10 arteko "aldea" dago eta, Bidegik kudeatutakoetan %38 eta %65 artekoa. EAJk eta Hamaikabatek osatzen zuten aldundiak kudeaketa "desegokia" egin zuela zioen Martin Garitano (Bildu) ahaldun nagusiak.
Aurretik, alde horretako dirua non dagoen galdetu zion Larraitz Ugarte Aldundiko bozeramaileak EAJri. Markel Olano EAJko batzarkideak haren dimisioa eskatu zuen; izan ere, Olanoren iritziz, diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatu zien Ugartek jeltzaleei.