Politika

Herri plataformetako kideek "ausardia politikoa" eskatu dute "apartheid politikoa gainditzeko"

Euskal Herri osoko herri plataformen ordezkariak Andoaingo udaletxera sartu dira gaur, "apartheid politikoa gainditu" asmoz. 60 bat hautetsi bildu dira, eta 'Apartheidik ez. Euskal Herria aitortu errespetatu' goiburua zuen pankarta bat balkoitik zintzilikatu ondoren, 'Herriari hitza' manifestua irakurri dute. Udal instituzioak "erabat antidemokratikoak" direla salatu dute, eta EAJ, EA, Aralar eta IU-EBko hainbat udal ordezkariri dimititzeko eskatu, "herriak ez zituztelako aukeratu". "Ehunka hautetsiri zilegitasun osoz zegozkien aulkiak berreskuratzeko" aukera badela azpimarratu, eta horretarako "ausardia politikoa" eskatu dute. Hautetsiei babesa azaldu die 100 bat lagunek, udaletxe aurrean.

2004ko urriaren 16a
16:59
Entzun
2003ko maiatzeren 25aren ondotik sortutako udal instituzioak "erabat antidemokratikoak" direla salatu dute gaur Andoainen Euskal Herriko herri plataformetako kideek. Herri plataforma asko udal horietatik kanpo utzi bazituzten ere, "herrietan inoiz baino presenteago" daudela azpimarratu dute.

PPk, "PSOEren laguntza ezinhobearekin pentsamendu politiko jakin bat legez kanpo" utzi zuela salatu dute balkoitik irakurritako manifestuan. Hala ere, argi eta garbi utzi nahi izan dute pentsamendu hori ezin dela "dekretu eta lege atzerritarren bidez, egun batetik bestera desagerrarazi".

Beraien zerrendak legez kanporatuak izan badira ere "milaka euskal herritarrek", "instituzioetan abertzale eta ezkertiar izaera presente egon zedin" agindu ziotela diote, eta horregaitik, lan politikoa egiten ari direla eta horretan jarraituko dutela jakinarazi dute.

EAJk, EAk, Aralarrek eta IUk "apartheid egoeratik ateratako etekinak jasotzen" dihardutela salatu dute. "Gureak diren ehunka kargu hartu dituzte, beraienak ez direnak". Horregaitik, "berehala" dimititzeko eskatu diete.

LOREGaren 182.2 artikuluarekin "Madrilek eraiki zuen apartheidaren horma berrehun herri baino gehiagotan pitzatzen hasteko aukera erreala" dagoela esan dute, eta horrela, "ehunka hautetsiri zilegitasun osoz zegozkien aulkiak berreskutatzen" hasteko. "Nahi bada ahal da" azpimarratu dute.

"Konponbidea, herriari hitza eman eta errespetatzetik etorriko da" herri plataformetako kideen ustez, baina horretarako, ausardia politikoa "ezinbesteko osagaia" dela azpimarratu dute.

Hautetsiek Udaletxeko atea itxita

Goizeko 11:00ak aldean iritsi dira herri plataformetako kideak Andoaingo udaletxera. Udal ordezkariek osoko bilkurak egiten dituzte aretoa itxita aurkitu dite, ordea. Ez dute atzera egin. Kostata, baina ireki dute. Hautsi egin behar izan dute. Barruan, hautetsien aulkietan eseri dira. 60 bat ziren.

Balkoitik 'Apartheidik ez. Euskal Herria aitortu errespetatu' zioen pankarta zintzilikatu, eta batzarra egin dute, batzar aretoan. Bihen bitartean, udaletxe aurrean ere hainbat lagun bildu dira, 100 inguru, goiburu bera zuen pankarta baten atzean.

Batzarra amaituta, balkoira atera, eta bando baten gisara 'Herriari hitza' manifestua irakurri dute. Eskuetan 'No apartheid. Autodeterminazioa' zioten afixak zituzten.

Oihu nagusi bat izan dute ahoan, bai udaletxe kanpoan zirenek eta baita barruan zirenek ere: "Eman hitza Euskal Herriari". Gutxiago oihukatuta, baina "Euskal Herri aitortu eta errespetatu", eta 'Apartheidik ez' aldarrikapenak ere zabaldu dituzte.

Udaletxe barruan zirenak eguerdia pasata atera dira handik. Txalo zaparrada batekin hartu dituzte kanpokoek. Amaitzeko Eusko gudariak abestu dute guztiek batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.