Aberri Eguna

'Herri ugari Europa batean' lelo hartuta ospatuko du EAJk Aberri Eguna

Europako Batasunak Euskal Herria nazio gisa onartuko duela espero du EAJk, eta, halaber, euskal herritarren etorkizuna erabakitzeko eskubidea aintzatetsiko duela. Ideia hori azpimarratu nahi dute aurtengo Aberri Egunean, eta, ondorioz, 'Herri ugari Europa batean' leloa erabiliko dute. Horrez gain, "nazio gizatiarraren" kontzeptua azpimarratuko dute: funtsean, indarkeriarik zein mehatxurik gabeko nazioa, eta Justizia mendekurako erabiliko ez dena.

2004ko apirilaren 8a
16:48
Entzun
Josune Ariztondo jeltzaleen EBB Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak aurreratu duenez, bi ildo nagusi ditu Aberri Egunaren kariaz igandean plazaratuko duten agiriak: batetik, Europako ingurumarian Euskal Herriaren eta gainerako nazioen aintzatespena, eta, bestetik, "nazio gizatiarraren" kontzeptua.

Europari dagokionez, EB Europako Batasunak Euskal Herria nazioa dela eta euskal herritarrek etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela onartzea espero dutela agertu du Ariztondok. "Europak badaki herriek beren nortasuna mantentzeko duten nahia ezin dela suntsitu", agertu dute EBBko idazkariak eta Joseba Aurrekoetxea burukideak. "Espero dugu Europa berria ez dela behar bezala gauzatu gabe utziko, edo ez dela urte gutxiren buruan aldatu beharko den zerbait eraikiko", adierazi dute.

Nolanahi ere, ildo horretako ahalegina ez duela Europak bakarrik egin behar agertu dute buruzagi jeltzaleek; aitzitik, abertzaletasuna testuinguru horretara egokitzearren berriro definitzeko esfortzua egin behar dela. "Egungo erronka mugarik gabeko Europa honetan eta etengabe aldatzen ari den munduan gure abertzaletasuna berriro definitzea da", azpimarratu dute.

"Nazio gizatiarraren" kontzeptuari dagokiola, herri "libre eta integratzailea" nahi dutela agertu dute. Hain zuzen ere, indarkeriarik eta mehatxurik gabeko zein Justizia mendeku gisa erabiliko ez den nazio baten alde egingo dutela adierazi dute, zeharka ETAren indarkeria zein presoen egoera aipatuz.

Aberri Egunean EAJ-EAren Udalbiltzak Hondarribian antolatu duen ekitaldira ordezkaritza bidaliko dute jeltzaleek. Hala ere, ekitaldi nagusian arratsaldean egingo dute, 18:00etan, Bilboko Erakustazokan, eta Josu Jon Imaz EBBko lehendakaria zen Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakaria izango dira hizlari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.