25. aldiz milaka lagunen bilgune izan zen atzo Senpereko aintzira, eta duela 25 urte bezala, euskara, eta zehazki, Seaska (Ipar Euskal Herriko ikastolen elkartea) babestu eta bultzatzea izan zen Herri Urratsen parte hartzera eraman zituen arrazoi nagusia. Antolatzaileen arabera, 50.000 lagun inguru izan ziren ekitaldian, eta festa giro onean igaro zen eguna.
Baina herritarrez gain, agintari eta politikarien bilgune bihurtu da azken urteetan Herri Urrats. Besteak beste, han ziren Max Brisson EEP Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria eta UMPko kontseilaria, Jean-Jacques Lasserre zentro eskuineko kontseilaria, Miren Azkarate Jaurlaritzako Kultura sailburu eta bozeramailea, Tontxu Campos Hezkuntza sailburua eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia.
Halaber, Herri Urrats sortu zenetik aurreneko aldiz Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkari batek parte hartu zuen Iparraldeko ikastolen festan, Philippe Carriere Paueko Akademiako ikuskariak. Parte-hartze hori zela eta, aurtengo Herri Urratsen Hezkuntza Ministerioaren eta Seaskaren arteko akordioaren albistea emango zutela zabaldu zen aurreko egunetan, baina ez zen halakorik gertatu. Harremanetan jarraitzen dutela agertu zuten erakunde bietako ordezkariek, baina hitzarmen zehatzik ez dela oraindik. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak "hitzetatik ekintzetara" igarotzeko garaia dela ohartarazi zien agintariei.
Gizartea
Herri Urrats biribila 25. urteurrenean
Milaka lagunek parte hartu zuten atzo Senperen (Lapurdi) Ipar Euskal Herriko ikastolen festan. Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkari bat ere izan zen lehen aldiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu