Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu Zuzendaritzak datorren legealdiaren hasieran onesteko moduan utzi ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan onartzeke gelditu diren azken Zatikako Lurralde Planak. «2006. urteko amaierarako plangintza denak onartuta izatea espero dugu», adierazi dio hedabide honi zuzendaritzako jarduneko buru Martin Arregik.
Eusko Jaurlaritza berriak horrela eginez gero, amaiera emango litzaioke azkenik prozesu malkartsuari. Izan ere, 15 urte igaro dira lurralde antolamenduari buruzko dokumentuon gaineko arauak zehaztu zituen legea onartu zenetik.Bidea ez da erraza izan, Lakuaren eta tokiko erakundeen arteko hartuemanei dagozkien esparru gehienetan gertatu ohi den bezalaxe, baina gaur egun azken txanpan dagoela dirudi.
Zailtasunak Donostialdean
Eusko Jaurlaritzak behin betiko onartu berri ditu Debagoieneko nahiz Debabarreneko planak eta Gobernu berriak aurtengo amaieran Bilboko eta Urola Kostakoarekin berdin egingo duela espero da. Arregiren aburuz, Goierrikoari «laster batean emango zaio behin-behineko onespena».
Zazpi geldituko lirateke oraindik onartu gabe: Gernika-Markinakoari, Durangoaldekoari eta Igorrekoari aurten emango zaie hasierako onarpena; datorren urtean burutu beharko da Donostialdeko, Tolosaldeko, Enkarterrietako eta Mungialdeko plangintzen onartze prozesua.Arregiren irudiko, Donostialdekoak ditu zailtasun gehien guztien artetik, egiteko asmo diren zenbait azpiegitura direla medio (Portua edo bigarren saihesbidea, besteak beste).Planak garrantzi handiko tresnak izaten dira, hemendik 2020. urtera bitarteko lurralde antolamendua eratzen dutelako. Behin onartu ondoren, tokian tokiko arautegiek egokitu behar izaten dute plangintza hauek ematen dituzten irizpideek diotenaren arabera.
HEGO EUSKAL HERRIKO LURRALDE PLANAK
Herria-Hiria 2020
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu Zuzendaritzak datozen bi urteetan onartzeko moduan utzi ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako onetsi gabeko Zatikako Lurralde Planak, gaiari buruzko legea onartu zenetik 15 urte igaro ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu