Herrian gaztetxe bat behar dutela aldarrikatu dute Hazparnen

200 pertsonak protesta egin dute Davidenea egoitzaren okupazioa babesteko bKanporatze agindu baten arriskupean daude gazteak

Hazparneko karriketan barna egin zuten protesta oihu artean. PATXI BELZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko irailaren 4a
17:10
Entzun

«Ez dela lekurik? 500 etxe huts».Mezu argia zabaldu zuten atzo arratsaldean Hazparnen (Lapurdi) Ttattola gaztetxearen alde manifestazioa egin zuten berrehun bat pertsonek. Joan den agorrilaren 21ean Davidenea egoitza okupatu ondotik, Isabelle Pargade auzapezak aste honetan bilkura bat hitzeman bazien ere, oraindik berririk ez dutela salatu zuten. Okupatutako egoitzatik kanporatzeko agindua jaso dute berriki, eta Paueko (Okzitania) Administrazio Auzitegian helegitea ezarri badute ere, edozein momentutan kanporatu ditzake Poliziak. Baina, atzo arratsaldean argi mintzatu ziren gazteak: «Hazparnek bizi behar du! Herriak bizi behar du! Eta gaztetxea lortuko dugu!», egin zuen aldarri Joana Barbier Ttattolako kideak.

Hemezortzi urteko ibilbidearen ondoren, 2020ko urtarrilean gaztetxeko kideek iragarri zuten Ttattola gaztetxea itxi egingo zela, «indarrez» bota zituztelako eraikinetik. Duela egun batzuk, ordea, — abuztuaren 21ean, zehazki— gaztetxeko kideek jakinarazi zuten beste eraikin bat okupatu zutela: «Hazparneko gazteok, urte bat eta erdi gaztetxerik gabe pasatu eta gero, etxe bat okupatzea deliberatu dugu», adierazi zuten orduan.

Baina manifestazioan, Hazparneko gaztetxeaz haragoko borrokak ere hizpide izan zituzten. Hala, elkartasuna adierazi zieten berriki gaztetxetik kanporatu dituzten Iruñeko Errotxapea auzoko gazteei, baita laborantza lurren defentsan Arbonan (Lapurdi) lurrak okupatzen ari direnei ere. Ipar Euskal Herrian lurra eta etxebizitza arloan dagoen «arazoaz» ohartarazteko baliatu zuten parada. «Diruaren boterearen aitzinean, instituzioak ezintasunean dira. Nahiz eta etxebizitzaren arazoa konpontzeko borondatea erakusten duten, argi eta garbi gelditu da bide instituzionalak ez duela gaitasunik». Egoera horren aitzinean «herri boterearen apustua» egiten dutela erran zuten, «hau da, bide berriak irekitzea: okupazioa eta bestelako desobedientzia ekintzen bidez». Lekaroz (Nafarroa) eta Arbona hartu zituzten adibide gisa. «Horien eraginkortasuna erakutsi dute kapitalaren boterearen kontra borrokatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.