«Herriaren etorkizunari begira oinarri batzuk jarri gura ditugu»

Eusko Alkartasunak ezustea eman eta alkatetza lortu du Gernika-Lumon, EAJren gotorleku izan den udalerri horretan nagusitu egin baita

DANEL LAUZIRIKA BUSTURIALDEKO HITZA
2007ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Gernika-Lumon Eusko Alkartasunak irabazi ditu udal hauteskundeak. Hainbat urte udaleko buruan izan ostean, Euzko Alderdi Jeltzaleak ez du alkatetza lortu. Izan ere, 2.568 boto batu ditu EAJk, eta EA garaitu egin zaio, 2.685 botorekin. Sei zinegotzi lortu ondoren, Jose Maria Gorroñok Udala gobernatzeko aukera izango du datozen lau urteetan. Gorroño irakaslea da lanbidez.

Nola hartu duzue berria?

Gernika-Lumoko herritarrek nigan eta nire taldean jarri duten konfiantza eskertu gura dut. Ni taldeko beste bat naiz. Ni ez naiz garailea; egiazko garailea Gernika-Lumoko herria da. Talde trebea dut. Gauzak ahal denik eta ondoena egiten saiatuko gara, argitasunez eta herriko zatirik handienaren parte-hartzea bultzatuz. Udala guztiona da, eta ateak zabalik egongo diratalde eta norbanako guztientzako. Niretzat, talde politiko guztien gainetik pertsonak daude. Orain arte izan dudan jarrera berbera izango dut aurrerantzean ere. Oinak lur gainean ditut, burua hotz, eta herri honen zerbitzura nago. Bestela, ez nintzateke aurkeztuko, ezta nire taldekideak ere. Niretzat egun pozgarria izan zen, baina burura jende asko etorri zait.

Zein da hauteskunde egunaren balorazioa?

Jendeak gure taldea ikusi du, ezagutu gaitu eta gugan konfiantza agertu dute. Guk konfiantza horri erantzun bat emango diogu. Gu herriarentzako politika egiteko gaude, eta gure besoak zabalik daude denentzat.

Lau urtera begira, zein proiektu jarriko dituzue martxan?

EAk programa bat du, eta hori bultzatzeko ahaleginak egingo ditugu. Herriaren etorkizunari begira oinarri batzuk jarri gura ditugu. Lau urtean oinarri sendoak jartzea ona izango dela uste dut.

Hauteskunde kanpaina luzea egin al zaizu?

Ez dakit. Beno, horretarako aurkeztu gara, eta aurkezten zarenean hor egon behar da. Ez dut uste hauteskundeetan inork irabazi edo galtzen duenik. Guk irabazi ez bagenu, ni berdin-berdin trankil egongo nintzateke. Beti pertsona zuzena izan naizela uste dut, eta kontzientzia lasai dut. Kontua ez da nik edo nire taldeak irabaztea; denon artean herriaren zama lepoan jarri eta herria aurrera atera behar dugu. Hori da datozen lau urteetarako erronka.

Busturialdeko Hitzak bizirauteko diru laguntzen beharra du. Ze iritzi duzu horren inguruan?

Badakizue ni beti egon naizela Busturialdeko Hitzaren alde. Diru laguntzen gaiaren inguruan egunkari honetan elkarrizketa bat egin zidaten. Nik eta nire taldeak orduan esandakoa mantentzen jarraitzen dugu. Jendeak informazioa izatea, bai euskaraz eta bai erderaz, beharrezkoa da. Busturialdeko Hitzak egiten duen zerbitzua ona dela uste dugu, nire lan taldeak eta nik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.