Xarlo Etxezaharreta. Udalbiltzako auzipetua

«Herriaren geroa eraikitzeko atea ireki digu epaiak»

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Udalbiltza auzian zurituriko lagunen zerrendan Xarlo Etxezaharretaren izenik ez da. Hazparneko hautetsi ohia Madrilgo Auzitegi Nazionalera deitua izan arren ez zelako agertu. Batetik, deialdirik ez zuelako jaso, eta, bestetik, «erabaki politikoa» harturik zuelako: «Ipar Euskal Herrikobiztanleok omen frantziar nortasuna ukanez, ez dugulako Madrilgo Justiziari erantzuterik».

Espainiako Auzitegi Nazionalak errugabetzat jo ditu Udalbiltza auzian auzipetutako hogei lagunak. Zer sentitu duzu epaia jakitean?

Poz handia, nola ez! Azken zazpi urte hauetan eta bereziki azken asteetan xifrituak ginen; gastu eta arazo anitz sortu dizkigu auzi horrek. Poz handia dut, familiari begira, Udalbiltzako lagunei begira eta Euskal Herriari begira. Itxaropen handia sortzen dit geroari begira.

Epaian hainbat pasarte esanguratsu daude...

Bi esaldi garrantzitsu ditut gogoan. Batetik, epaileak dio hautetsien batzarra ideia eta proiektu abertzalea dela besterik gabe, eta ez proiektu terrorista. Bestetik, borroka armatua ez gaitzestea ez dela delitua, atentatuen inguruan isilik egotea iritzi bat dela dio. Gogoan atxiki behar da zenbat diren preso sartuak eta zenbat legez kanpo utziak, ez dutelako bortizkeria kondenatu. Horiek ere behar lukete zurituak izan orain.

Ez zinen Auzitegi Nazionalera agertu eta epaileak zure atxilotzeko manua eman zuen auziaren lehen egunean. Alde horretarik lasaiago al zara?

Argi da besteak kondenatuak ez izatea ondorio ona dela niretzat. Euroaginduak indargabeturik egon behar luke. Zer eginen dute? Atxilotuko, Madrilera eramanen eta han zurituko naute? Ez, ez luke zentzurik.

Udalbiltza zuriturik eta orokorki testuinguru politikoa kontuan harturik, nolakoa ikusten duzu geroa?

Hego Euskal Herrian hauteskundeak dituzte maiatzean, Ipar Euskal Herrian kantonaletako bozak ditugu martxoan. Hauteskunde hauetan ezker abertzaleak egon beharko du, legeztatu beharko dituzte. Bozketa hauetan hautetsi berriak agertuko dira. Alderdi ezberdinetakoak bildurik, denen artean Udalbiltza hazi, indartu eta aitzinera eraman beharko dugu. Euskal Herriaren geroa eraikitzeko atea zabal-zabalik utzi digu epaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.