Ipar Euskal Herrian merkataritza zentro handien fenomenoa aspalditik da ezaguna. Hego Euskal Herrian, ordea, azken 10 urteotan asko ugaldu dira saltoki erraldoiak. Adibide bat ipintzearren, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 25 merkataritza gune handi daude, eta, laster, gehiago zabalduko dituzte. Bizkaian zabalduko dituzte guztiak: Hipercor, Txorierrin; Portugaleten, 86.000 metro koadroko merkataritza gunea egingo dute, eta Barakaldon, Megapark. Basaurin, Bilbondo handitzea aztertzen ari dira.
Gure hiri handien kanpoaldean merkataritza guneak ikustera ohituak gara jada, eta horietara joatera ohitu gara. Ez bakarrik bertan dauden dendengatik. Izan ere, astialdirako gure gune kutunenak bihurtu dira azken urteotan. Hala, gure kontsumo ohiturak aldatzea lortu dute merkataritza gune handiek. Arrakasta horren atzean egon daitezkeen arrazoiak azaldu dizkio Berriari Alaitz Arakama Donostiako Garbera merkataritza guneko kudeatzaileak. Besteak beste, ordutegi zabala, aparkalekuen «erosotasuna» eta aisialdirako egiten duten eskaintza aipatu ditu. «Azken baten, herritarren elkargune bihurtzen ari dira merkataritza guneak. Lagunekin geratzeko lekuak, paseatzeko, zerbait hartzeko eta erosketak egiteko guneak. Edozer egin daiteke bertan», azaldu du. Gehiago sakonduta, merkataritza guneen ordutegi zabalak herritarren bizimodua «errazten» duela esan du Arakamak. «10:00etatik 22:00etara izaten dira zabalik. Eguerdian edo arratsalde bukaeran erosketak egiteko aukera eskatzen dio lanean dabilenari. Gainera, erosketak bukatu ondoren bere aisialdia aprobetxatzeko aukera ere ematen dio», zehaztu du. Era berean, bezeroen egonaldia «ahal denik eta atseginena» egiteko, urtean zehar hainbat ekintza antolatzen dituztela azpimarratu du, batez ere haurrei begirakoak. Baina gauza guztien gainetik eskaintzen duten zerbitzuen kalitatea eta erosotasuna nabarmendu ditu Arakamak. «Leku bakar batean, bueltarik eman gabe, denetarik aurkitzeko aukera dago. Gainera, bertan dauden dendak kalitatekoak izan ohi dira, eta askotan hiri erdian aurkitzen ez ditugunak. Era berean, merkataritza guneak ondo komunikatuta egon ohi dira, eta ez da arazorik izaten autoz edo autobusez bertara joateko. Gainera, aparkalekua doan izaten da». Erosotasunaren argudioarekin jarraituta, haurrak dituzten gurasoek estimatzen dituzte gehien merkataritza guneak, Arakamaren hitzetan: «Erosketak egiten dituzten bitartean, seme-alabek hain gogoko duten jolasparkean egoteko aukera izaten dute. Gurasoek asko eskertzen dute euren haurrak begirale batekin geratzea».
Herrietako betiko dendariek igarri diote beste inork baino hobeto herritarren kontsumo ohitura aldaketa horri. Bizkaian, adibidez, merkatari txikien elkarteak arduratuta daude, herrialde horretako merkataritza guneen pilaketa beste inon baino handiagoa delako.Joan den astean, 51 elkarte inguruk osatzen duen kolektiboak kontsumo ohituren aldaketak daukan eragina ohartarazi zuen. Orain arte, merkataritza gune handiek lanpostuak kentzen dituztela azpimarratu dute. Orain, ordea, kontsumo ohituren aldaketak herrien bizitzan daukan eraginaz ohartarazten hasi dira. «Orain arte, merkatari txikien arazotzat hartu dugu guztiok, baina uste dugu gehiago dela kontsumitzaileena», esan dio Berriari Xabier Zelaiak, Durango eta Iurretako +Dendak elkarteko presidente eta Bizkaiko merkatari txikien elkarteen kolektiboko bozeramaileak.
Herriak hustu daitezkeela diote dendari txikiek
«Arazoa» herritarrena dela esateko, hainbat arrazoi eman ditu Zelaiak. Besteak beste, gure herriak hutsik geratzeko «arriskua» dagoela azpimarratu du. «Hori oso ondo ikus dezakegu Iparraldean. Han hutsik daude herriak, hilda, herritarrak euren auzoak utzi eta merkataritza gune handietara joaten direlako», adierazi du. Herriak hutsik nola gelditu daitezkeen azaldu du +Dendak elkarteko presidenteak: «Merkataritza gune handi bat zabaltzen badute, herri barruan dauden hiru dendek bertara joatea erabaki dezakete. Denda batzuk ez badaude, besteek merkatua galtzen dute. Kontsumitzaileak kalean ez badaude erosketak egiten, tabernek ere bezeroak galtzen dituzte. Azkenean, guztiek itxi behar dute, herriak hutsik geratuz».
Horren harira, orain aste batzuk Bartzelonan kontsumoari buruzko jardunaldiak egin zirela gogoratu du Zelaiak. Bertan, Frantzian merkataritza guneek duten arazoez jardun zutela adituek aipatu du. «Euretako batek esan zidan: 'Ez itzazue guk egindako akats berberak egin'. Izan ere, dirutza handiak gastatzen ari dira herriei bizitasun apur bat sortzeko», azaldu du. Zelaiaren ustean, merkataritza gune handiek ekarri duten kontsumo aldaketen inguruko eztabaida egin behar da herritarren artean. «Gauzak egiten ari gara, baina ondorioei erreparatu gabe», esan du +Denak elkarteko presidenteak. Era berean, alderdi politikoek jarrera «kontraesankorrak» izaten dituztela agertu du: «Errepideak autoz beteta daudela esaten dute, eta merkataritza gune handiak hirien kanpoaldean izaten dira, eta autoz bakarrik heldu daiteke bertara. Gero, PERCO izeneko laguntzak ematen dituzte, herrietako merkataritza sustatzeko, baina merkataritza gune handiak emateko baimenak etengabe ematen dituzte».Halaber, merkataritza zentro handien aurka ez daudela nabarmendu du Zelaiak. «Aurka ez gaude, baina neurria izan behar da. Oreka behar da, biok elkarrekin bizi gaitezkeelako». Horrezaz gainera, merkataritza zentro asko egoteak merkataritzaren amaiera ez dutela ekarriko argitu du. «Merkataritza zentro bat zabaltzen denean, herriko dendariek bertan zabalduko dute denda, eta herrian daukatena kendu. Merkataritzak jarraituko du, baina leku batean bakarrik, eta herritik kanpo», esan du.
KONTSUMO OHITUREN ALDAKETA
Herrigunetik kanpo aldera
Hirien inguruan egindako merkataritza zentro handietara gero eta gehiago jotzen dute kontsumitzaileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu