Aztertutako herrietatik bakar batek ere ez du zazpiko nota erdietsi. Hendaiak lortu du notarik gorena, 3,08. Hurbil dira Sara eta Hazparne, 2,9rekin. Notarik apalena, aitzineko neurketan bezala, Angeluk ukan du: 0,3.
Frantziak ez dio lege gerizarik bermatzen euskarari, eta horrek baldintzatzen du euskararen garapena. Hala ere, bertze bi alorretan eragin daitekeela azpimarratu du Kontseiluak. Batetik, plangintza egokian osatuz eta baliabide gehiago emanez euskararentzat. Herriko etxe batzuk hasi dira plangintza xumeak osatzen. Azpimarratzekoa, Zuberoako Herri Elkargoak teknikari lanpostu erdia sortu duela, merkataritza eta lan arloan euskara sustatzeko.
Corpus juridiko egokirik ezean hizkuntza politikak hautetsien borondatean oinarritzen direla azpimarratu du Paul Bilbaok. Borondate horretan oinarrituz, gehiago egin dezaketela azpimarratu du. Neurketa hemeretzi herritan gauzatu da. Guztiek elkar hartzen badute emaitza 5ekoa izatea lor dezaketela azaldu du. Hala ere, herriko etxe bakar bat ez da heltzen Kontseiluak gutxienekotzat jotzen duen 7ko emaitzara.