Ehundik gora lagun bildu dira Zarautzen Auzitegi Gorenak herriko tabernen auzian eman berri duen sententzia salatzeko. Zarauzko Herriko Tabernaren atarian egin dute agerraldia, nork bere herriko tabernaren izena idatzita zeraman kartela eskuetan zuela. Haiekin batera ziren Txerra Bolinaga —Eleak eta Libre mugimenduen izenean— eta Koldobike Munian —herriko eta elkarteen izenean—. Datorren asteburuan herri eta auzo horietan egingo diren mobilizazioetara joateko deia egin diete herritarrei.
"Herriko tabernak defendatuko ditugu; defentsa horrekin bat egitera deitzen ditugu herritarrak", adierazi du Muniainek. Auzitegi Gorenaren sententzia 36ko gerran faxistek eginiko konfiskazioekin parekatu du: "Orduko ondasunen lapurreta erreproduzitu dute".
Bolinagak adierazi du "nekatuta" daudela eskubide urraketekin, baina ez geldirik. "Guztiok bat eginez gero, ez dago herri hau geldiaraziko duen polizia eta epailerik".
Zarautzen ez ezik, beste zenbait herritan ere salatu dute herrikoen kontrako epaia. Seguran (Gipuzkoa), adibidez, festen hasieran gogoan izan dute hango elkartearen kontrako ebazpena.
Segurako jaien hasieran 'herriko tabernen auzia' gogoan. Elorri. @berriapic.twitter.com/CLG4pHhGaN
— Enekoitz Telleria (@EnekoitzTelle) June 20, 2015