Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko salak gaur erabaki du "une hauetan" herriko tabernak ez bahitzea, "juridikoki ezin delako frogatu Batasunarenak direnik". Gaur ere bilduta egon da Batasunaren ondasunak likidatzeari ekingo zion eta herriko tabernak bahitzea aginduko zuen edo ez erabakitzeko. Hamasei magistratu aritu dira horretan, Madrilen, eta aho batez hartu dute erabakia.
Herriko tabernak Batasunaren izenean ez daudela diote epaileek, norbanakoen izenean baizik, eta ostatu haien bahiketa "jabetza pribatuaren kontrakoa" litzatekeela.
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 2002ko apirilean 55 herriko taberna bahitzea agindu zuen, 24 milioi euro kobratzeko. Epaileak diru zor hori Batasunari egotzi zion, "kale erasoek sortutako kalteengatik". Auzitegi Goreneko sala bereziak herriko tabernetan sartzeko agindu zuen iazko urriaren 23an kaleratutako autoan, egoitzen eta ondasunen inbentarioak banan-banan egiteko. Zerrenda 120ra zabaldu zuen, baina.
Zerga Agentziak izan du likidazioen ardura eta, hark eginiko txostenak jasotzen zuenaren arabera, "badira ondasun asko kultur elkarteen eta merkataritza elkarteen izenean daudenak eta egiazki Batasunarenak berarenak direnak".
Txosten hori jaso ondoren, ostatu haien ondasunen likidazioa bermatzeko har litezkeen badaezpadako neurriei buruz iritzia emateko eskatu zien Auzitegi Gorenak aldeei. Aurreikusitako badaezpadako neurri horiek herriko tabernen ondasunak bahitzea eta tabernak ixtea ziren.
Auzitegi Goreneko Fiskaltzak eta Estatuko Abokatuek ez zuten neurri horien aurka egin, baina horiek gauzatu aurretik herriko tabernen jabe gisa agertzen diren "zuzendaritza edo kargu adierazgarri guzti-guztiekin" aurrez audientzia bat izan behar litzatekeela esanez erantzun zioten auzitegiari. Elkarteen ordezkariek ez dadila inolako neurririk hartu eskatu zuten beren abokatuen bidez, Batasunarekiko lotura ukatuta.
2003. urteko martxoan abiatu zen prozesua, 61eko salak HB, EH eta Batasuna legez kanporatzea eta desegitea erabaki zuenean. Alderdien Legea urratu zutela argudiatu, eta Alderdi Politikoen Erregistrotik hiru alderdi horiek ezabatzeko agindu zuen.
Horrez gain, Alderdien Legeak jasotzen duena betearazteko, HB, EH eta Batasunaren ondasunak likidatzeko prozesua abiatu zuen. "Alderdien desegiteak ondasunen likidaziorako prozesua abiatzea eskatuko du, eta hori salak izendatutako hiru likidatzaileek egingo dute", dio Alderdien Legeak. Kendutako ondasunak "interes soziala edo humanitarioa duten ekintzetara" bideratuko direla ere agintzen du.
Politika
'Herriko tabernak' ez bahitzea erabaki du Auzitegi Gorenak, "ezin delako frogatu Batasunarenak direnik"
Gaur hartu du erabakia Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko sala bereziak. Iazko urrian ostatuetan sartzeko agindu zuen, egoitzen eta ondasunen inbentarioak banan-banan egiteko. 'Herriko tabernak' norbanakoen izenean daudela diote epaileek, eta bahiketa "jabetza pribatuaren kontrakoa" litzatekeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu