Pedro Ibarra irakaslea, Paul Rios Lokarriko koordinatzailea, Felix Cañada abokatua eta Txema Montero irakaslea izan dira, besteak beste, gaur Bilbon egin duten agerraldian. Hala ere, beste hainbat pertsonak ere bat egin dute gaur aurkeztutako manifestuarekin; tartean, Xabier Ezeizabarrena EAJko Gipuzkoako batzarkidea, Maialen Iriarte kazetaria eta Ramon Zallo EHUko irakaslea.
Adierazpenaren bidez, salatu dute 35/02 auzia Espainiako Poliziaren "espekulazioetan" oinarritzen dela, horiek frogatzat hartuta. Gainera, oroitarazi dute jarduteko era hori izan zutela 18/98 sumarioan eta Udalbiltzaren eta Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako auzietan ere.
Adierazi dutenez, herriko tabernen auziak "hasieratik irregulartasunak" ditu, eta "etsaiaren zigor zuzenbidea" ezarri nahi zaie auzipetuei. Hori "herrialde demokratikoetan onartezina" dela ohartarazi dute, eta erantsi "beste epaiketa politiko bat" dela.
Herritarrei dei egin diete auziaren kontra protesta egitera. Hala, agiriari atxikimendua adierazteko eskatu dute.