herriko tabernak

'Herriko tabernen' auzia salatzeko mobilizazioa egingo dute abuztuaren 8an, Donostian

Kulturari eta politikari aterik ez itxi, herriko tabernak libre eta zabalik izango da leloa. Eskubide zibil eta politikoen aldeko adierazpenarekin bat egin dute 800 eragile pasak.

Ekimena babestu duten herritar multzoa. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
2015eko uztailaren 29a
11:00
Entzun

Abuztuaren 8rako herriko tabernen aurkako auzia salatzeko mobilizaziora deitu dute Donostian —17:30, Gipuzkoa plaza—, gaur Donostiako herritar talde batek prentsaurreko batean jakinarazi duenez. Kulturari eta politikari aterik ez itxi, herriko tabernak libre eta zabalik izango da leloa. Auziaren aurkako adierazpen bat plazaratu dute, eta 800 eragilek baino gehiagok egin dute bat; EH Bilduk, LABek eta ELAk, besteak beste.

Donostiako Udalak adierazpen instituzionala egin dezan mozioa aurkeztu dutela adierazi dute Kattalin Miner (mugimendu feministako kidea) eta Agus Rodriguez (35/02 epaian zigortua) herritar taldeko ordezkariek, eta azaldu dute osteguneko udalbatzako gai zerrendan hamalaugarren puntua izango dela. Duela hamahiru urte baino gehiago hasi zen auzia, eta, Euskal Herriko 101 lokal konfiskatzeaz gain, "jardun politikoa egiteagatik epaituak" izan direla esan dute.

Horrelako ondasun "lapurretarik" frankismo garaitik ez dela ikusi adierazi dute hizlariek. "Eraiki beharreko jokaleku berrian eskubide zibil eta politiko guztiak" bermatu behar direla esan dute, eta horregatik gaineratu dute "militante politikoen kontrako zigorrek eta herriko tabernen itxierek" ez dutela tokirik. "Sententzia honek gure herriko gatazkaren amaiera garaile eta galtzaile eskemara eraman nahi du".

Lokalak konfiskatzeko erabakia hartzeaz gain, Espainiako Auzitegi Gorenak 35/02 sumarioan hogei lagun zigortu zituen. Zortziri "ETAren fronte insituzionala" osatzea egotzi zien, eta inhabilitazio zigorra zehaztu zien joan den asteazkenean. "Inhabilitazio berezi" horren ondorioz, Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Alvarez Karmelo Landak, Jon Gorrotxategi, Floren Aoiz eta Antton Morcillo ezingo dira hauteskundeetara aurkeztu. Lehen bostei urtebete eta hamar hilabeteko zigorra ezarri die Gorenak, eta urte eta erdikoa besteei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.