Herrira mugimenduak protesta egin du Donostiako Ospitaleko atarian, Josu Uribetxebarria aske utz ez dezaten fiskalak jarritako helegitearen aurka. Beñat Zarrabeitia eta Nagore Garcia plataformako bozeramaileek uste dute helegitea onartuz gero presoaren heriotza aurreratu daitekeela. "Uribetxebarria kartzelan edukitzea erabateko bidegabekeria da, eta Euskal Herrian bakea ezartzearen aurka daudenen mendeku nahia asetzeko besterik ez du balioko", gaineratu dute.
Zarrabeitiaren esanetan, "euskal gizarteak ez du ikusi nahi gatazka politikoaren ondorioz hildako gehiago". Era berean, adierazi du euskal gizartea indarrean dagoen espetxe politika desagertzearen aldekoa dela; eta gogora ekarri du urtarrilean Bilbon izandako manifestazioan bildu zen jendetza.
Euskal presoen aldeko mugimenduak Uribetxebarria aske uztearen aldeko elkarretaratzea egin du Donostiako Ospitalearen aurrean. Herrira-k adierazi du datorren larunbatean prentsaurreko bat emango duela, hurrengo asteetan egingo dituen mobilizazioak iragartzeko.