Ibon Meñika eta Ana Saenz Herrira mugimenduko kideak presoen eta iheslarien familiarekin batu dira Bilboko egoitzan. Bake Bidea plataformak manifestazioa antolatu du larunbat honetarako Baionan, arratsaldeko lauretan. Helburua: “Errepresioaren amaiera”.
Espainiako eta Frantziako gobernuen “geldikeria” ikusirik, herriak bake eta konponbide prozesuan daukan “garrantzia” azpimarratu dute bi kideek, eta manifestazioan parte hartzeko deia egin diote euskal gizarteari.
Frantziako Gobernuari mintzatu zaizkio espresuki
“Pirinioez bestalde” hartzen diren erabakiak “begiratu gabe”, bakea lortzeko urratsak egiten hasteko exijitu diote Frantziari: “Gatazkei modu positiboan aurre egin dieten munduko gobernuen adibideari jarraitu behar dio”.
Bakearen bidean, euskal preso eta iheslariei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak bertan behera uztea “ezinbestekoa” dela gaineratu dute. Haien iritziz, euroaginduen kasuan Frantziako epaitegiek Espainiako Estatuak erreklamatzen duena ebazten dute.
Gatazka egoera amaitu eta bake prozesuari ekin beharrean, “guztiz kontrakoa” egitea leporatu diote, eta, horren harira, gogora ekarri dituzte ekain amaieran atxilotu zituzten hiru iheslariak —Jokin Aranalde, Beñat Atorrasagasti eta Aitor Zubillaga—.