Herrira-k deituta, manifestazioa egingo dute larunbatean Donostian, Giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira lelopean. Martxa 17:30ean abiatuko da, baina ibilbidean aldaketa batzuk ezarri ditu Eusko Jaurlaritzak, "protestak Donostiako Aste Nagusian eragin ez dezan". Bihar hasiko dira, hain zuzen, hiriburuko jaiak.
Herrizaingo Sailak proposatutako ibilbidea ondorengoa da: Sagues, Zurriolako hondartzako pasealekua, Ramon Maria Lili pasealekua, Santa Katalina zubia, Argentinar Errepublikaren pasealekua eta Okendo plaza.
Ibilbidea aldatzeaz gain, presoen aldeko kartelak erakustea espreski debekatu du Herrizaingo Sailak. Baita erakunde eta alderdien aurka egiten duten eta terrorismoaren biktimak gutxiesten dituzten mezuak oihukatzea ere. Ertzaintza agindu horiek betetzeaz arduratuko dela adierazi du ohar baten bidez.