Herrira mugimenduak gogorarazi du duela bi hilabete hiru helburu jarri zituztela, Estrasburgoko auzitegiak 197/2006 doktrinaren gainean emango duen ebazpenari dagokionez: "Europara ahots bateratua eramatea giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde; sektoreka konpromisoak aktibatzea esparru guztietan; eta alderdi, sindikatu eta eragile sozialekin hausnarketarako bideak irekitzea salbuespen neurriak gainditzeko moduaz".
Helburu horiek izanda egindako bileretan, bi ondorio atera dituzte: batetik, egungo espetxe politika gainditzeko "adostasun soziala sendotzen" ari dela; eta, bestetik, horrek "konpromiso berriak eta zabalagoak" ekarri dituela "gero eta esparru sozial gehiagotan". Hala adierazi dute gaur Iruñean egindako agerraldian.
Herrira-k nabarmendu du hogeitik gora hitzaldi eta mahai inguru, mobilizazioak eta bestelako ekinaldiak izan direla, Parot doktrina indargabetzeko eskatuz. "Mezu argia bidali nahi izan diogu Europari: euskal herritar gehienak bat datoz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiarekin, eta uste dute hura aplikatzea beharrezkoa dela herri honetan abian den konponbide prozesuari begira".
Udaletan 93 mozio
Hainbat datu ere eman dituzte. 197/2006 doktrina indargabetzearen aldeko 93 mozio onartu dira udaletan, 24 Bizkaian, 31 Gipuzkoan, 18 Araban eta 20 Nafarroan, alderdi hauen babesarekin: EH Bildu, EAJ, Geroa Bai, Ezkerra, Hamaika Bat eta Ezker Batua. PSOEk bi tokitan babestu du mozioa. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere onartu dute. Arabako Batzar Nagusietan, berriz, martxoaren 25ean eztabaidatuko da, eta Bizkaikoetan martxoaren 27an. Esparru juridikotik jasotako babesa ere nabarmendu dute.
Hori horrela, nabarmendu dute Del Rio askatzearen aldeko arrazoi juridiko sendoak ez ezik gehiengo politiko, sozial eta profesional zabala ere doktrina hori indargabetzearen aldekoa dela.
Asteazkenean aztertuko du Estrasburgok Del Rioren auzia. Euskal presoa "ahalik eta azkarrena" askatzeko agindu zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak uztailean, eta neurri horren aurka helegitea jarri zuen Espainiako Gobernuak. Hori onartu edo ez ebatziko du martxoan.