Euskal herria

Herrira-k salatu du arreta giza eskubideen urraketetatik aldentzea dela debekuen helburua

Bilboko konpartsek protesta egingo dute bihar Arriagan, "Aste Nagusiaren eta bere ikurren alde". Jone Artolaren izendapena berretsi dute, hura txupinera ez izateko arrazoirik ez dagoela argudiaturik.

2013ko abuztuaren 12a
18:24
Entzun

Gar Herrira-k dei egin du giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde "tinko" jarraitzeko Espainiako Gobernuaren Nafarroako eta EAEko ordezkaritzen debekuen gainetik, "Gobernua behartzeko espetxe politika lehenbailehen zeharo aldatzera". Ohar batean azaldu duenez, horren guztiaren helburua arreta giza eskubideen urraketetatik aldentzea da. "Horretarako aski izan da kasuan kasuko ekimena terrorismoaren apologia eta biktimen umiliazioa dela esatea, gatazka parametro horietan eduki nahi dutenen begiekin baizik ikusten ez dena".

Argudiatu du minbizia duen preso bat askatzeko eskatzea ez dela "terrorismoa", ez eta sakabanaketaren amaiera eskatzea ere. "Halaber, ez da biktimak umiliatzea presoen eta haien senitartekoen giza eskubideak, zibilak eta politikoak, errespetatuak izatea, herrialde honetako herritar guztienak bezala". Horregatik debekuak jasan dituzten pertsonei elkartasuna adierazteaz gain, euskal gizartea animatu du "Alderdi Popularraren probokazioen jokoan ez erortzera, presoen eta haien familien sufrimendua iraunaraztea beste asmorik ez baitu, herritar guztiena alegia", dio oharrak.

Herrira-ren ustetan, PPren gobernua da "apologiaren eta ika-mika faltsuen" eremuan mugitzeko interesa duen bakarra, arreta aldentzeko herri honen gehiengo sozialaren "egiazko kezketatik". "Ez da gaitzesgarria pertsona batzuen giza eskubideen errespetua eskatzea, gobernuak giza eskubide horiek urratzea baizik, hain modu nabarmenean gainera, sakabanaketa mantenduz eta areago gogortuz, gaixo dauden presoei tratu txarrak emanez eta askatasuna ukatuz, eta zigorra betea dutenen kartzelaldia luzatuz, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaia bete gabe".

Bihar, bilkura

Bilboko konpartsek bihar jakinaraziko dute azken egunetan Aste Nagusiko txupinera izendatzea debekatu izanaren gaineko iritzia. 12:00etan elkarretaratze bat egingo dute Jone Artolaren izendapenaren alde, Arriaga antzokiaren parean. Itziar Villafañez konpartsetako bozeramaileak atzo esan zuenez, eurekiko errespetua eskatuko dute, ez ditzatela "erabil". Salatuko dute, gainera, horrelakoek Aste Nagusia "zikindu" besterik ez dutela egiten.

Bilboko auzitegi batek baliogabetu egin zuen aurreko astean Artolaren izendapena. Debekua behin behinean eman du, eta Bilboko Udalari hiru egun eman dizkio bere argudioak eman ditzan. "Txupinera Jone Artola aukeratu genuen, eta ez dugu uste bera txupinera ez izateko motiborik dagoenik. Aste Nagusia asko ezagutzen du, maite du, eta aspalditik da konpartsakide", gaineratu zuen atzo Villafañezek.

Artolaren izendapenaren kontrako salaketa Dignidad y Justiciaren eta Coviteren ekimena izan zen, eta Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak hartu zuen horien lekukoa; aldi berean Laudioko jaietan Pablo Gorostiaga pregoilari izatea debekatzeko eskatu zuen. Bere argudioetan Urkijok esan du Artola EHko eta ANVko zerrendetan izan zela bozetarako hautagai, eta Etxerateko eta Txori Barroteko kide dela. ETAko biktimen elkarteek, gainera, argudiatzen zuten euskal preso baten arreba dela.

Bilboko epaitegiak Artolaren izendapena baliogabetu ondoren, euren erabakia berretsi dute konpartsek, eta festak "bakean" uzteko eskatu dute. Gainera, herritarrak deitu dituzte "Aste Nagusiaren erabileraren kontra" agertzera. "Epaitegiaren erabakiak ez du oinarririk ez juridikorik ezta sozialik ere". Urkijok zioen bere izendapena Biktimen Legea urratu dezakeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.