"Espainiako Gobernua neurriz gain erakusten ari da ankerkeria eta giza duintasunarekiko mespretxua. Iosu Uribetxeberria hilurren dago, azken fasean sartzen ari da haren minbizia, eta preso edukitzea sekulako zentzugabekeria da". Hala salatu du Herrira mugimenduak gaur Donostian, Jon Garai eledunaren bitartez, eta hura askatzeko exijitu du.
Herenegundik Donostia erietxean dago Uribetxeberria euskal presoa, minbizia daukala eta. Leongo kartzelatik (Espainia) ekarri zuten, eta Donostiako ospitaletik Zaballakora (Araba) eramango lukete gero.
"2005ean minbizia diagnostikatu zioten, eta giltzurruna kendu. Handik bi urtera, gaixotasun larriarengatik behin-behineko askatasuna ukatuta, heriotzara kondenatu zuten", esan du Garaik. "Orain heriotza umiliagarri batera kondenatzen ari dira, polizia eta burdin-sare artean hiltzera, ahaideak ondoan izan gabe, ospitaletik kartzelara eta kartzelatik ospitalera, bere azken egunera arte zapaldurik".
Herrirak gaur goizean jendaurreko bilkura bat egin du ospirale atarian, presoaren askatasuna aldarrikatzeko. Gaixotasun larriak dituzten hamalau euskal presoen egoera salatzeko hamalau aulki huts izan dira. Mugimenduko kideekin batera, Uribetxeberria herrikideak —Arrasatekoa da— eta senideak izan dira.
Presoa aske uzteko eskatu dio haren abokatu Ainhoa Bagliettok Espainiako Auzitegi Nazionalari. Espetxeetako Zaintza epaileari egin dio eskaera; batetik, "gaixotasun larria eta sendaezina" izateagatik behin-behineko askatasuna emateko galdegin dio eta, bestetik, espetxe zigorra bertan behera uzteko.
Bihar 17:30ean Arrasaten manifestazio nazionala izango da, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzeko eskatzeko.
Jose Antonio Ortega Lararen bahiketan parte hartu izana egotzita dago preso Uribetxeberria. 1998an 32 urteko espetxe zigorra jarri zion Auzitegi Nazionalak.