Herrira mugimenduko abokatuek agerraldi bat egin dute gaur Bilbon, plataformaren aurka Espainiako Guardia Zibilak irailaren 30ean egindako polizia operazioa kritikatzeko. Uste dute operazio hura ez zela legezkoa izan eta "larriki" urratu zituela oinarrizko giza eskubideak. Besteak beste, "askatasunerako, elkartzeko, defentsarako eta bidezko prozesu bat izateko eskubideak" urratu zituzten.
Operazioak "kutsu politiko eta militar argiak" dituela salatu du Alfonso Zenon abokatuak. Gogorarazi du Herrira legezko elkartea dela eta, "estatutuetan ageri denez, presoen oinarrizko eskubideen defentsa" duela helburu; xede hori "guztiz zilegi eta justua" dela esan du, eta operazioarekin asmo hori "baliogabetu nahi izan dutela ohartarazi.
Herrira-n presoen eskubideen alde lan egin duten pertsonen jarduna "publikoa eta gardena" izan dela azaldu du, eta oroitarazi eragile politiko, sindikal eta sozialekin harremanak dituztela: "Bere ekimenak publikoak eta anitzak dira, euskal gizartean babes zabala duten aldarrikapenak babesteko".