HERRIRA-REN KONTRAKO OPERAZIOA

Herrira-ren aurkako operazioan atxilotuek auzitara eramango dute Espainiako Gobernua

Gaur da urtebete Espainiako Guardia Zibilak euskal presoen eskubideen aldeko plataforma desegin zuela.

2014ko irailaren 30a
07:58
Entzun

Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Herrira euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako polizia operazioa agindu, eta hemezortzi pertsona atxilotu zituen Guardia Zibilak iazko irailaren 30ean. ETAko kide izatea, "terrorismoa goratzea" eta "erakunde armatua finantzatzea" leporatu zien guztiei Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Mugimenduaren jarduna bi urterako eten zuen, gainera, epaileak. Protesta ugari eragin zituen operazio hark, eta ez zen izan Espainiak presoen kontra abiatutako operazio bakarra; hiru hilabetera, urtarrilaren 8an, zortzi abokatu atxilo hartu zituzten.

Herrira-ren kontrako operaziotik urtebetera, Espainiako Barne Ministerioa auzitara eramango dute operazio hartan atxilotutako hemezortzi lagunek, Gara egunkariak argitaratu duenez. Kalte moralak egin eta euren ohorea urratu izana egotzi diote gobernuari. Besteak beste, Herrira "ETAren tentakulua" zela esan zuen Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. Gogorarazi dute epaituak ez izan arren egin zituela Fernandez Diazek adierazpen horiek eta haien argazkiak eta nortasun agiri zenbakia zabaldu zirela, errugabetasun presuntzioa urratuta.

Atxilotu bakoitzarentzat 100.000 euroko kalte-ordaina eskatu diote ministerioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.