"Euskal Herrian zabaldutako aro berriak, Aieteko Bake Konferentzia eta ETA erakundeak iragarritako behin behitiko su-etena oinarri, politika eta soluzio berriak eskatzen ditu Europan indarrean dagoen gatazkarik zaharrenak eragindako ondorioei aurre egiteko. Euskal Herriko zein nazioarteko hainbat eragile, kolektibo eta erakundeek ere hausnarketa honekin bat egin dute.
Elkar ulertzea sustatu eta bake zein konponbide agertoki definitibo batetara hurbiltzea ahalbidetuko dituzten zubiak eraikitzeko unea da. Norabide horretan, Herriraren ustez ezinbestekoa da egun indarrean dagoen espetxe politika aldatu eta pertsona guztien giza eskubideak errespetatuak izatea.
Horiek horrela, Herrirak manifestazio nazionala deitu du datorren azaroaren 10an Baionako karriketan “giza eskubide guztiak, euskal presoak Euskal Herrira” lelopean. Jadanik, atxikimendua eman dutenen artean sentsibilitate eta ideologia ezberdinetako alderdi eta ordezkari instituzionalak, sindikatuak, giza eskubideen alde lanean ari diren elkarteak, erlijio ezberdinetako taldeak zein kulturgintzan edo kirolan erreferentzialak diren pertsonak daude.
Baionako manifestazioaren eskaerak argiak eta integratzaileak dira, giza eskubideen errespetua oinarri:
- Euskal Presoak Euskal Herrira ekartzea.
- Gaixotasun larriak dituzten presoen askatzea.
- Bizi osorako espetxe zigorrera daramaten legeri berezien deuseztatzea, Espainian 197/2006 doktrina eta perpetuite kondena Frantzian.
- Zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak bete dituzten presoen libratzea, eta Frantzian baldintzapean askatuak izan daitezken presoen libratzea.
- Isolamendu egoerekin bukatzea.
- Euskal iheslari politikoen aurkako jazarpena amaitzea.
Giza eskubideak urratzen dituzten salbuespeneko neurri hauekin amaitzeak euskal jendartearen gehiengo erraldoi batek desiratzen duen bake eta konponbidera gerturatzea ahalbidetuko luke. Hortaz, Hollande jaunaren Gobernu berriari, bakea eta konponbiderako bidea gidatu eta azken hamarkadetan Frantziak erabili duen espetxe politika aldatu dezala eskatzen diogu. Ziur gaude euskal jendartearen gehiengoak txalotu eta Frantziako jendartearen zati handi batek espetxe politikaren aldaketa begi onez ikusiko lukeela. Garaia da, espetxe politika, bakegintza eta normalizazio politikoari dagokionez, Parisek Madrilek markatutako bidea jarraitzeari uko egin eta ibilbide propio eta positiboa jorratzeko.
Herritarron unea da, herritarrok bete behar baititugu Baionako karrikak. Hainbat dira Baionara joango diren autobusak eta bertan apuntatzeko gonbitea luzatzen dizuegu. Baionako kaleak betetzea ezinbestekoa izango da Frantziako gobernu berriak espetxe politika aldatu eta guztion artean bakera eta konponbidera hurbiltzeko.
Azkenik, Baionako manifestazioarekin batera, gogora ekarri nahi dugu datorren urtarrilaren 12an Herrirak beste mobilizazio erraldoi bat egin nahi duela Bilbon. Hurrengo astetan deialdiaren inguruko datu gehiago jakinaraziko ditugu, baina jadanik aurreratu dezakegu Bilboko kaleak betetzerainoko kanpaina herritar eta sektore ezberdinen inplikazioaren bitartez jantzi eta bultzatuko dugula. Beraz, nola ez, zuen ekarpenarekin kontatzea ere ezinbestekoa izango da".