"Herritar gehienak AHT xedearen aldekoak dira"

Aitor Renteria.
2013ko apirilaren 26a
09:49
Entzun

Akitaniako Kontseiluko presidenteordeak AHT xedea sostengatzen du sutsuki. Ez du ahazten Garazi-Baiona arteko trenbidea.

Sutsuki defenditu duzue AHT xedea Rousset presidenteak eta zuk. Baliteke zalantzan egotea. Bada finantzaketa arazo handi bat?

Erabakiak ez dira hartuak. Frantziako hego-mendebaldeari begira bi ardatz dira, bata Bordeletik Hendaiara eta bertzea Bordeletik Tolosara; beraz, partekatzen ahal litezke. Lehen unean Tolosako ardatza egin, eta utzi bazter Hendaiako hori. Ez naiz ados. Beti sartu naiz debate horretan ikusiz Europako proiektu handi bat dela. Euskadik inbertsio handiak egin ditu, eta 2017an hor ukanen dugu abiadura handiko trena, Frantzia eta Espainia arteko mugan. Ez dio iparraldeak borta hesten ahal hego Euskaditik etorriko zaigun trenari.

Nahiz eta herritarrak kontra izan?

Euskal herritar gehienak AHT xedearen aldekoak dira, eta hori bozkatu dute. Europa behar bada eraiki, Europako proiektu handia behar dugu. Herritar batzuk kontra dira, baina ez gehienak. Bi hauteskundeetan aipatu da gai hori. Demokratikoki bakoitzak bere arriskuak hartzen ditu. Bietan boz-emaileek haien erantzuna eman dute, gure alde.

Zergatik ez egin erreferendum bat? Allaux diputatua prest zen egiteko.

Allauxekin ikusi  beharko. Bi hauteskunde horietan gehiengo bat atera zen Rousseten gibeletik, eta erraten ahal da Euskal Herria ez dela kontra. AHT obra handi baten aldeko adostasuna agertu du Euskal Herriak. Ikusi behar da nolako baldintzetan egiten ahal den. Gure ingurumenak ere merezi du atentzioa.

Garazi-Baiona trenbideak neke franko ditu. Zertan da horren hobetzea?

Arraberritze osoa onartua da. Parte bat egina da, Baiona eta Kanbo artekoa, eta ondoko urtean egina izanen da Kanbo eta Garazi artekoa. Finantzaketa planak onartuak dira, eta gauza segura da: linea hori arraberritua izanen da heldu den urte bukaeran. Nire galdea da, eta Alain Roussetena, berriz elektrifikatua izan dadila.

Aipa dezagun alderdi sozialista eta azken egunotan dabilen nahaspila. Zer da ezkertiarra izatea?

Sozialismoari diodan atxikimendua ez da egunetik egunera aldatzen. Gazte sartu nintzen alderdi sozialistan, eta ez dut alderdi sozialista utziko. Batzuetan, kexu banaiz, apaltzen dut ene engaiamendua, baina ez dut utzi nahi. Balio kolektiboak lehen-lehenik. Langileriaren defentsa eta lanaren arlo guztien defentsa. Kapitalismoa sobera urrun joan zaigu, eta bederen behar da moderatu. Sostengatzen dut parlamentuan den legea, berdintasuna izan dadin gizon eta emazteen arteko ezkontzan zein sexu bereko pertsonen ezkontzan. François Hollande ene ustez ongi hasi da, baina krisiak denak inarrosten gaitu. Baina ikusten dut balioak atxikitzen dituela. Gertakari batzuk izan dira, eta partikularki Cahuzacen gezurrak. Sozialisten artean bertze taldeetan bezala gertatzen dira pertsona ez-konfiantzazkoak. Alta, konfiantza egin zaio, baina gezurretan bizi izan da, eta hori kondenagarri da. Ororen buru eta sozialisten presioei esker, gauzak argitu dira. Eskuindarrek egin bezate gauza bera. Badira justiziaren aitzinean direnak. Egin dezala justiziak ere lana. Badira justiziaren aitzinean ez direnak eta iruzur handiak egin dituztenak. Justiziak egin beza bere bidea.

Sozialistek proposatu zuten ardura politikoak ez metatzea. Memoria ariketa bat eskatuko nizuke. Zenbat batzordetako presidente zara?

Hori gertatzen da instituzioaren izenean parte hartzen baitut hainbat erakundetan. Ez da bakarrik Lurralde Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea edo batzordeetan. Lurralde Kontseiluaren izenean politika batzuk kudeatu behar dira, hala nola mugaz gaindiko harremanen ardura dut. Mendietako erakundean parte hartu dut, eta, memento batez, galdetu didate hartzeko presidentetza. Ez dut uko egin. Egia erran, anitz lan ekartzen du. Bi kargu ditut, demokratikoki hautaturik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.