Herritar gehienek aire kutsatua arnasten dutela salatu dute

Zirkulazioak eragiten du kutsadurarik handiena; Eusko Jaurlaritzak dio egunen %98tan kalitate oneko airea dagoela

Herritar gehienek aire kutsatua arnasten dutela salatu dute.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko biztanle ia guztiek aire kutsatua arnasten dute. Gutxi gorabehera hamar herritarretik bederatzik aire kutsatua arnastu zuten iaz, Ecologistas en Accion talde ekologistaren datuen arabera. Eskualde ia guztietan OME Osasunerako Mundu Erakundeak aholkatutakoa baino kutsadura handiagoa dago airean. Are gehiago, zenbat eta gai kutsatzaile gehiago aztertu, orduan eta okerragoak dira emaitzak. 2010ean aztertu ez zituzten gai kutsatzaile batzuen datuak aztertu dituzte 2011ko txostenean, eta emaitzak negatiboak dira. 2,5 mikra baino txikiagoko suspentsio partikulak agertu dira gai hori aztertu duten lau estaziotik hirutan.

Suspentsio partikulak dira arazo agerikoenetako bat, Ecologistas en Accion taldeko Juan Barcenaren ustez. Airearen kalitatearen alorreko arduraduna da Barcena. Gero eta estazio gehiagotan atzeman dute gai kutsatzaile hori. Partikula horiek 10 mikra baino txikiagoak (PM10) edo 2,5 mikra baino txikiagoak izan daitezke (2,5), eta ibilgailuek zein industriak sortzen dituzte, neurri handi batean. Partikula horiek karbonoa, silizioa eta metal astunak izan ditzakete, besteak beste, eta txikienak odoleraino hel daitezke.

2010. eta 2011. urteetako datuen arteko konparaketan, Urola Kostako eremu batzuetan airearen kalitatea okertu dela sumatu dute. Zumarragako (Gipuzkoa) aireak OMEk aholkatutako hiru mugak gainditu zituen iaz: suspentsio partikulena, ozono troposferikoarena eta sufre dioxidoarena. Suspentsio partikulen kasuan, Europak agindutako muga ere nabarmen gainditu zuen. Bestetik, Bilboaldean ere suspentsio partikulen kutsadura handia da. Dena den, datuak txarrak izan arren, Barcenak nabarmendu du ez dela aldaketa handirik izan aurreko urtearekiko. Hau da, airearen kalitatea egonkorra izan zen 2010etik 2011ra.

Barcenak azaldu du gizakiaren jarduerekin lotuta dagoela kutsatzaile bakoitza. Nitrogeno dioxidoa erregai fosila kontsumitzen duten ibilgailuek eragiten duten lekuetan agertzen da, eta sufre dioxidoa, industria jarduera gehien dagoen lekuetan. Suspentsio partikulek hainbat jatorri dituztela azaldu du.

Ozono troposferikoa bigarren mailako kutsatzailea da, eta aurretik aipatutako kutsatzaileekeragiten dute atmosferan. Horregatik landa eremuan ohikoagoa da, jatorrizko kutsadura sortzen den lekuetatik gertu pilatzen delako. Jaizkibelgo (Gipuzkoa) eta Valderejoko (Araba) azterketa estazioek atzemandako datuak horren erakusgarri dira; hain zuzen ere, bi leku horietan Europak agindutako muga nabarmen gainditu da. Askoz leku gehiagotan gainditu da OMEk gai kutsatzailehorri jarri dion muga.

Eusko Jaurlaritza, baikor

Ozono troposferikoari dagokionez, Barcenak zehaztu du Europan gertatutako fenomeno bat dela. Eguraldiak edo hedadura handiko bestelako gertaerek kutsatzaile horren gorakada ekarri dute, bai Euskal Herrian bai Europa osoan.

Ecologistas en Accion elkarteak airearen kalitatea hobetzeko politikak eskatu ditu, eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, balorazio baikorra egin du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako airearen kalitateaz. Nabarmendu du urteko egun gehienetan, %98tan, biztanleek kalitate onekoa edo onargarria den airea arnasten dutela. Jaurlaritzak dio oso leku zehatzetara mugatu dela legeak ezarritako muga gainditu duen aire kutsatua, eta gainontzeko lekuetan, «gertaera desatseginak» baino ez direla izan.

Eusko Jaurlaritzaren eta Ecologistas en Accion elkartearen txostenaren arteko aldea airearen kalitatea neurtzeko irizpideei egotzi die Barcenak. Eusko Jaurlaritzak Europan ezarritako mugak hartzen ditu kontuan, eta elkarte ekologistaren txostena OMEren aholkuen arabera idatzi dute. Ñabardura adierazgarria da, Europako zuzentarauek hainbatetan OMEren aholkuak baino nabarmen malguagoak baitira. Suspentsio partikulen kasuan, OMEk aholkatutako mugaren halako bi da Europako muga, adibidez.

Eusko Jaurlaritzak zirkulazioak hirietan eragindako kutsadurarari eman dio garrantzia. 1990. urtetik gehien hazi den kutsadura da. Energia ekoizteko lantegiek 1990. urtean baino %1 isuri gehiago egiten dituztela azaldu du Jaurlaritzak, eta beste industriaren isuriak %29 jaitsi direla. Ordea, azken 22 urteetan %88 egin dute gora zirkulazioaren isuriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.