Azpiegiturak

Herritar gehienek ez dute informaziorik AHT proiektuaz

Abiadura Handiko Trena pasatuko litzatekeen herrietan, biztanleen %42k batere informaziorik ez dute eta %33k informazio gutxi; hiriburuetan oso antzekoak dira emaitzak. Unibertsitate irakasle eta soziologo talde batek inkesta egin du 42 udalerritako 669 herritarren artean.

2007ko martxoaren 7a
17:33
Entzun
Herritar gehienek oso informazio gutxi jaso dute Euskal Y Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuari buruz, soziologo talde batek egindako inkestaren arabera. Esaterako, AHT pasatuko litzatekeen herrietan, biztanleen %42k batere informaziorik ez dutela jaso aitortu dute, eta %33k informazio gutxi. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Irunen egindako ikerketan antzekoak dira emaitzak: %44k batere informaziorik ez dute jaso eta %33k gutxi.

Datu horien artean bat harrigarria da oso: herri horietan %35k ez dakite euren udalerritik pasatuko den trena. Besteen artean, berriz, %59k ez dakite zer lekuetatik igaroko den. Ezezagutza handiagoa da hiriburuetan.

Otsailaren 22 eta 26a bitartean egin zuten inkesta, azpiegitura berria igaroko litzatekeen 42 udalerritako 669 herritarren artean, telefonoz. Hain zuzen, AHT Gelditu! Elkarlanak eskatuta egin du lan hori unibertsitate irakasle eta soziologo talde batek. Aldi berean, beste galdeketa bat egin dute aipatutako hiru hiriburuetan eta Irunen.

Herritarren gehiengo zabal batek (%69k) adierazi du instituzioek proiektuari buruz emandako informazioa ez dela nahikoa izan. Erdiek baino gehiagok (%54k) “interesatutzat” jo dute informazioa, eta %12k baino ez dute uste objetiboa izan dela.

Herritar askok aitortu dute, AHT eginez gero, ez luketela behin ere erabiliko. Herrietan %42k erantzun dute hori; hirietan, berriz, %31k.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.