Herritarrak babesten ez dituen Justizia akusatzeko ekimena hasi du 18/98 taldeak

'J'accuse' lelopean, milaka herritarrek euren burua inkulpatzea bultzatuko duen kanpaina hasi dute

IñIGO BILBAO BARAKALDO
2006ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Laster urtebete beteko da Espainiako Auzitegi Nazionalak 18/98 izeneko epaiketa hasi zuenetik. Auziarekin inputatu guztien eskubide zibil eta politikoak urratzeaz gainera, bakea eta justiziari oztopoak ipintzen zaizkiela sinetsirik, 18/98+ lan taldeak biderkatu egingo ditu aurrerantzean auziaren kontrako ahaleginak. «Salatu izatetik salatzaile bilakatuko gara».

Maite Aristegi eta Xabier Barber lan taldeko bozeramaleek egin dute ohartarazpena Barakaldon (Bizkaia), BEC erakustazokaren atarian egin den agerraldian. Lan taldeak deituta, Euskal Herri osoko ehunka herritar batu dira bertan. J'accuse lelopean, euren burua inkulpatu dute, eta, aldi berean, auzibidea sustatu eta bultzatu duten guztiak salatu dituzte.

Zazpi herrialdeetako, adin askotariko eta hainbat iritzi politikotako herritarrek eman dute pausoa euren burua inkulpatu eta salatzaile bihurtzeko. Barakaldon konpromisoa hartu dutenen artean, Batasuna, EA, EHAK eta Aralar alderdietako, eta ELA, LAB, ESK eta EHNE sindikatuetako kideak nabarmendu dira. Datozen asteetan konpromiso gehiago batuko ditu lan taldeak herriz herri ipiniko dituen mahaietan.

Agerraldian argi utzi dute euren egonezina. Ez bakarrik 18/98 epaiketagatik. Espainiako Auzitegi Gorenak datorren astean aztertuko du Haika-Segi auziko helegitea,eta kezkatuta daude erabaki dezakeenarekin. Aristegik esan du izugarrikeria dela auzipetuen jarduerak zigortu nahi izana. Izugarrikeria, 18/98 eta antzeko makro-epaiketekin egin dena, auzipetuen nortasuna bera kriminalizatu nahi izan dela egiaztatu baitute. «Euskal Herriaren eskubideen alde egiten duen euskal herritar oro ari dira epaitzen».



'J'ACCUSE'. Horren uste osoa izanik, bidezko ideia politikoak jazartzen eta zigortzen dituzten botere publikoak salatu nahi dituzte ekimenaren bidez. Barakaldon ohartarazi dutenez, euskal herritarrak kriminalizatzen dituen botere judiziala salatzeko garaia heldu da dagoeneko.

Emile Zola idazle frantziarrak 1898an L'Aurore egunkarian argitara emandako gutuna ekarri dute gogora, hura hartu baitute eredu euren protesta egiteko. Hark mende bat lehenago idatzitakoaren gaurkotasuna azpimarratu dute: «Nire egitekoa da hitz egitea, ez dut konplize izan nahi».

Maite Diaz de Herediak irakurri du Auzitegi Nazionalera igorriko duten autoinkulpazio agiria, Garzon epaileak berriki auzipetu duenak: «Herritarrak babesten ez dituen Justizia akusatzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.