Herritarrak lasai, nekazariak erne

Sei metrora iritsi da Ebroko ur emaria Castejonen, eta Nafarroan alerta aurreko egoeran daude oraindik

AMAIA ALVAREZ CASTEJON
2008ko martxoaren 27a
00:00
Entzun


Sei metrora iritsi da Ebroko ur emaria Castejonen, eta Nafarroan alerta aurreko egoeran daude oraindik
amaia alvarez

Castejon

Nahiz eta aurten oraingoz arriskurik ez egon, iazko uholdeak dituzte oraindik ere buruan Erriberan. Batez ere nekazariek, kalteak beraiei eragin zieten-eta zuzenean. Castejonen parean, Arga eta Aragoi ibaiek Ebrora urak isurtzen dituzten tokian,hainbat herritar eta hedabide bildu ziren atzo, zehatz-mehatz, Ebroko Ur Konfederazioak uremariaren maila neurtzen duen lekuan (CHEk bi orduro ari da emaria neurtzen azken lau egunotan). Izan ere, Nafarroan alerta aurreko egoerak jarraitzen du eta hala jarraituko du bihar arte gutxienez. Atzoko azken orduan ur emaria behera egiten ari bazen ere, Nafarroako Larrialdien Agentziak ibaiak zaintzen jarraituko du Foruzaingoaren laguntzaz, Espainiako Meteorologia Institutuak euria iragarri baitu gaurko Nafarroan.

Sei metrotara iritsi zen atzo arratsaldean Ebroren ur maila Castejonen (1.534,26 metro kubo segundoko). Hala ere, hurrengo orduetan zentimetro batzuk behera egin zuen: 21:00etan 5,91 metrokoa zen. Haatik, iazko apirileko uholdeetan 7,33 metrotara ailegatu zen (2.825 metro kubo segundoko).

Kezkak oraingoz herritarrei ez die loa eragotziko, Ebroren ur emariak gora egitera «ohituta» baitaude jada. «Hedabideetan berria atera delako etorri gara ibaia ikustera», adierazi zuen Castejongo Eva Maria Villegasek, Ebro tentuz begiratuz. Urek Castejon hartzeko ez dago inolako arriskurik, eta urak herriren batera hurbiltzekotan, Milagro, Valtierra, Arguedas eta Cadreitan eragin dezakete uholdeek: bihurgunea delaeta, ibaiak gainezka egiten duenean euren albora joaten baitira urak. «Gu lasai gaude, nekazariak ari dira agian zertxobait larritzen», aipatu zuten normaltasun osoz Valtierrako taberna batean Enrique Uhaldek eta Javier Castillejok. Castejongo Udaltzaingoak ere, ez du egunotan herritarren kezka berezirik jaso. Fernando Gonzalez udaltzainaren ustez, «dena oso lasai dago, barea da nagusi».Tuteran egin zuen gainezka pixka bat Ebrok, hala ere, gainontzeko eskualdeen antzera, arriskurik ez dago.

Atzo, esaterako, Castejonen parean, makaldi batzuk besterik ez zeuden estalita, hain zuzen ere iazko apirileko uholdeak eraginda itxi zuteneko errepidearen tokitik (N-113) 500 bat metrora.

Bestalde, Buñuelgo nekazari baten lursail txiki bat kaltetu zen atzo, El Islado izenekoa. Urak ez zituen kaltetu zonaldeko uzten gainerako 40 bat hektareak. Iazko uholdeak, aldiz, 600 hektarea landa lur hartu zituen guztira.



LEHORTETIK UHOLDEETARA. Nolanahi ere, behin eta berriz ari dira nekazariak uraren emaria begiratzen, «iazkoa errepikatu ez dadin», Ricardo Prat Valtierrako nekazariaren esanetan. Kezka hori gutxi balitz, lehortea jasan dute nekazariek azken hilabeteotan. Izan ere, Castejonen parean, Ebro 1,6 metrotan egon da azken lau hilabeteetan (maila arrunta hiru metrokoa da). «Laboreetan dagoeneko lehortearen eragina nabaritzen da». Iazkoa salbuespena izan arren, Erriberako klima lehorra da oro har eta, noizbehinka, uholdeak izaten dituzte.

Pratek 25 urte inguru daramatza nekazaritzan eta betidanik gogoan du urari beldurra. «Duela lau urte ere izan genituen uholdeak; osaba baten axuriak salbatzera joan behar izan genueneko bat ere gogoan dut oraindik». Bertako nekazariek, bada, eskarmentua badute.

Aurtengo garia «ona» izanen dela aurreikusi zuten nekazariek. Uholdeak gertatuz gero, baina, «erabat izorratu» daiteke, iaz gertatu zen bezala. Orduko kalteek uzta atzeratu zuten, eta kalitatea txikitu.«Uholdeengatik jaso genituen kalte-ordainak oso urriak izan ziren», kexatu da. «Alpapa ereindako lursailengatik kalte-ordain gehiago eman zituzten, baina galsoroengatik, berriz, gehienok ez dugu deus jaso, edo oso gutxi, asegururik ez baitaukagu».

Horrez gainera, nekazari gehienak gauza beraz dira kexu: alegia, ibaiek gainezka egiten dutenean hirietan neurriak hartzen direla, baina kaltetuak nekazariak direnean «baztertuak» sentitzen direla instituzioen aldetik.

Uholde arrisku gehiena Erriberan sortu da, baina Nafarroako beste hainbat eskualdeetan ere euriaren eraginak ikus daitezke. Belateko portua (NA-1210), esaterako, itxi egin behar izan zuten atzo 0 eta 15 kilometroen artean, lurjausien arriskua zela eta. Herenegun itxitako bideak, aldiz, berriz ireki zituzten atzo goizean. Hala, Miranda de Arga eta Tafalla lotzen dituen errepidea (NA-6140) eta SakanakoNA-2410 atzo zabaldu zituzten.





############



Ura askatzen hasi dira zenbait urtegitan,euri gehiago iragarri baitute gaurko eta biharko

Uhateak irekitzea eta urez husten hastea erabaki dute Urrunagako urtegian,lehen aldiz hogei urtean
ainhoa sarasola

Egunotako euriak ibaien emaria eta urtegien maila ohi baino handiagoa izatea eragin du. Meteorologia iragarpenen arabera, gainera, datozen orduotan ere euria egingo du. Horiek horrela, zenbait urtegitan neurriak hartzen hasi dira dagoeneko. Urrunagakoa (Araba) da horietako bat. Urtegiko uhateak zabaldu eta segundoko 20 metro kubiko ur askatzen hasi ziren atzo arratsaldean. Halako neurririk ez dute hartu behar izan azken 20 edo 25 urteetan bertan, Zadorrako urtegien jarraipen batzordeko arduradunen arabera.

Uribarriko urtegian ere (Araba), herenegun gauean erabaki zuten uhateak zabaltzea eta bildutako ura ateratzen hastea. Hala mantendu zuten atzo ere, segundoko20 metro kubo ur askatzen, baina atzo gauean edo gaur goizaldean uhateak ixteko aukera ere aurreikusi zuten, Zadorra ibaiaren emariak gora egin zuela-eta uholdeen arriskua saihesteko. Izan ere, Zadorrak segundoko 70 metro kubiko ur jaso ditzake. Bi urtegietako uhateak irekita, ibaia bere mugatik gertu legoke.

Meteorologia iragarpenak eta urtegien egoera aztertu ostean erabaki zuen Zadorrako urtegien jarraipen batzordeak Urrunagako ura askatzen hastea. Izan ere, edukieraren %93an zegoen atzo urtegia, eta %89an Uribarrikoa. «Erabat ezohikoa» den neurria da Urrunagako uhateak zabaltzea, azken 20 edo 25 urteotan hartu gabekoa, Tomas Epalza batzordeko koordinatzaile eta Uraren Euskal Agentziako zuzendariaren arabera. Haren hitzetan, urtegiaren egoera «kezkagarria» zela ikusita hartu zuten erabakia, Ebroko Ur Konfederazioarekin hitzartuta. Meteorologia iragarpenek ere eragin zuten erabakia hartzea, metro koadroko 40 eta 45 litro arteko prezipitazioak aurreikusi baitituzte.

Urbinan Zadorrarekin bat egiten duen Santa Engrazia ibaira ari da botatzen ura Urrunaga. Ibai horrek ia ez du emaririk eta, horregatik, Urrunaga, Luku, Urbina, Amarita eta Mendibilgo bizilagunei egoera aintzat hartzeko eta zuhur jokatzeko eskatu zien Epalzak. Babes Zibilak ere herritarrak ohartarazi zituen. Hartutako neurriak pertsonen artean eta ondasunetan kalteak saihesteko hartu direla gehitu zuen.



AñARBE ERE HUSTEN. Bizkaian eta Gipuzkoan egoera herenegun baino lasaiagoa dela gaineratu zuen Epalzak. Dena den, Donostialdea urez hornitzen duen Añarbeko urtegitik ere ura askatzen hasi ziren atzo. Ohar batean Añarbeko Urakenpresak jakitera eman zuenez, atzo goizaldeko 01:04 zirela guztiz bete zen urtegia, eta berez hasi zen ura askatzen presaren goialdetik. Prozesua «saihestezina» dela eta uhateak zabaldu gabe egiten dela azaldu zuten. 08:45 zirela, ordea, urtegiaren hondoko hustubidea ireki eta urak bertatik askatzen hastea erabaki zuten, Urumea ibaiaren emariak horretarako aukera ematen zuela ikusita. Añarbeko Urak enpresak gehitu zuenez, 16:15ak zirela presaren goialdetik ura botatzeari utzi zion urtegiak, aurreikusi bezala, eta hondoko hustubidetik baino ez zen askatzen ari atzo arratsaldean.

Nafarroan, alerta aurreko egoera bihar arte bere horretan mantentzea erabaki zuen atzo Nafarroako Larrialdietarako Agentziak. Datozen orduotarako prezipitazioen iragarpenak eta Pirinioetan pilatutako elurrak aintzat hartuta hartu zuten erabakia. Uholdeak izateko arriskua duten guneak zaintzea dakar alerta aurreko egoerak, eta horretan ariko dira foruzain nahiz suhiltzaileak, ibaiertzetan bereziki. Neurriok badaezpadakoak direla adierazi zuten.

Euskalmeten arabera, euria gogotik eta ia etengabe botako du gaur Bizkai eta Gipuzkoan, batez ere ipar partean. Nafarroan, ipar partean eta Pirinioetan bota dezake euria. Goizean goiz elurra egingo du 1.000 metrora, baina gero elur maila 1.500 metrora igoko da.





############



KronoLoGIa

Uholdeak, ohikoak Erriberan

Uholdeak ohikoak dira Erriberan. Ia urtero gertatzen dira, Ebro, Aragoi eta Arga ibaiek gainezka egiten duelako.



2003

Otsaila: Ebro ibaiak gainezka egin zuen eta uholdeek egoera larria eragin zuten Erriberan. Buñuelen, Castejonen, Fontellasen, Funesen eta Tuteran batez ere. Otsailaren 5eko arratsaldean Ebrok 7,40 metroko altuera zuen Castejonen. Agintarien esanetan, 2003koa Ebrok hartu zuen altuera handiena izan zen azken 20 urteetan. 1981eko uholdeekin konparatu zuten.

Urak Tuterako alde zaharra hartu zuen. Suhiltzaileek ontzietan atera behar izan zuten jendea etxeetatik. Adierazgarria da otsailaren 7an Euskaldunon Egunkaria-k azaleko argazkiaren azpian idatzitako titularra: Nafarroako Venezia.

Buñuel izan zen herri kaltetuenetakoa. Ribaforadako dikea hautsi egin zen eta urak gainezka egin zuen. Ibaiaren ondoko 40 etxe hustu egin behar izan zituzten.

Castejonen A-15 autobidea ixtear egon ziren. Urari zentimetro batzuk baino ez zitzaizkion falta errepideraino iristeko.

Uholdeen kaltetu nagusiak nekazariak izan ziren.



2004

Iraila: Uholdeek arazoak eragin zituzten Ablitasen, Buñuelen, Cabanillasen, Cortesen, Fontellasen, Fustiñanan, Ribaforadan eta Tuteran. Urak Cortesen eragin zituen kalte handienak: metro eta erdiko mailara iritsi zen zenbait kaletan. Tuterako suhiltzaileek ehundik gora dei jaso zituzten, etxeetan harrapatuta geratu ziren herritarrak ateratzen laguntzeko eskatuz.

Euri asko egin zuen denbora gutxian: 130 litro jaso zituzten metro koadroko Bardeako behatokian eta 80 Tuteran.

Ebrok gainezka egin zuen Tuteran eta hiriguneraino iritsi zen, baina ez zuen arazo handirik sortu. Zenbait etxabetan sartu zen.

Uholdeak, laboreetan ez ezik, nekazaritza azpiegituretan ere kalte handiak eragin zituen.



2007

Apirila: Ebrok Erriberako soroak hartu zituen, baina aurreko egunetan aurreikusi baino maila txikiagoa hartu zuen. Hala ere, tentsio uneak izan ziren. Ibaiak oso hazita zihoazen eta ur emariak gora egin zuen etengabe. Hainbat herri isolatuta geratu ziren, bertara autoan iritsi ezinik, eta etxeak hustu zituzten Funesen (55), Faltzesen (20), Pitillasen (3), Tafallan (1), San Marin Unxen (1) eta Buñuelen. Hala ere, uholdeek ez zuten ondorio larririk utzi. Baina uraren mailak behera egingo zuela uste zutenean, Ribaforadan dike bat hautsi zen eta laboreen 600 bat hektarea urpetu zituen.

Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamenduaren arabera, uholdeek 15 milioi euroko kalteak eragin zituzten nekazal lurretan eta azpiegituretan. Nafarroako Gobernuak 15 milioi euro bideratu zituen kalte-ordainetarako. Guztira 15.000 hektarea inguru kaltetu zituzten Erriberan eta Nafarroa Erdian. Espainiako Gobernuak neurriak onartu zituen kaltetuentzat.

Miguel Sanz Nafarroako presidenteak esan zuen Nafarroako uholdeek Aragoiko zenbait herri eta Zaragozako Expoko zenbat eremu ezurpetzen lagundu zutela.

UAGN eta EHNE sindikatuek Erribera inguruko ibaien ubidearen «utzikeria» salatu zuten.





############



ZenBaKIa

10

Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak (CCS) 10 milioi eurotan kalkulatu ditu Gipuzkoan eta Bizkaian orain bi aste euskal kostaldea jo zuen denboraleak eragindako kalteak. Gipuzkoan 350 erreklamazio jasotzea eta kalte-ordainak bost milioi euroraino iristea aurreikusi du. Bizkaian beste ehun erreklamazio jasoko dituela eta kalte-ordainak beste bost milioi eurorainokoak izango direla uste du partzuergoak.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.