Atxilotuak izan aurretik, Auzitegi Nazionalean ez azaltzeko erabakia zergatik hartu duten azaldu zioten BERRIAri Oihana Mujika eta Egoitz Urbe auzipetuek.
Zergatik hartu duzue auzitegian ez aurkezteko erabakia?
Oihana Mujika.Gu hirurok gaude hemen baina argi utzi nahi dugu hamazazpi lagunen kontua dela hau. Denon artean hartutako erabakia izan da. Gu hemen eta beste batzuk han, denon artean erantzun nahi diogu epaiketari. Epaiketa politikoa da hau, eta uste dugu ideia hori barneratua dagoela euskal gizartean. Uste dugu orain dela momentua epaiketa hauei beste ezezko bat emateko eta praktikoki erantzuteko, herri harresi bat eraikiz. Guk ikusi dugu hemen gelditzea beste pauso txiki bat dela bide horretan.
Zer bilatu nahi duzue ekimen honen bidez?
Egoitz Urbe. Eskualdeko eta herriko jendea aktibatu nahi dugu ekimen honen bidez. Hamazazpi gazte izango gara epaituak eta hori oso larria da. Ikusten genuen gisa honetako gertakarien aurrean gizartea anestesiatu egongo balitz bezala zegoela, hau guztia normala izango balitz bezala ikusten zuela. Ekimen honen bidez herritarrei ikusarazi nahi diegu zeinen gogorra den gure egoera, eta era honetako epaiketak behingoz amaitu behar direla adierazi nahi diegu.
Nola ikusten dituzue datozen orduak?
E. U.Guk barneratuta daukagu [poliziak] etorriko direla; ez dakigu noiz izango den, baina argi daukagu atxilotu eta espetxeratuko gaituztela. Ordu hauek lagunekin egoteko aprobetxatuko ditugu eta gure erabakiaren arrazoiak herritarren artean zabaltzeko erabiliko ditugu, hori delako gure kezka nagusia.
Oihana Mujika eta Egoitz Urbe. Auzipetuak
«Herritarrei ikusarazi nahi diegu zeinen gogorra den gure egoera»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu