Euskara

Herritarrek euskaraz bizitzeko egiten duten ahalegina goraipatu du Behatokiak

Urteko txostena aurkeztu du elkarteak. Euskal hiztun gisa “askatasunez” bizitzeko aukera eskubide bat dela berretsi du zuzendariak.

2016ko maiatzaren 17a
08:14
Entzun

Herritarrek “bidea urratuz” lortutako aldaketak nabarmendu ditu Arantza Aranburu Hizkuntz Eskubideen Behatokiko kudeatzaileak, urteko txostena aurkezteko gaur goizean egindako agerraldian. “Herritarrak euskaraz bizitzeko hautua egiten duten une beretik ohartzen dira egoera ez dutela alde; halere, garai hobeak noiz etorriko zain gelditu ordez, bidea egiten hasten dira, eta tratu duina exijitzen dute. Horri esker, euskaraz aritzeko espazio berriak lortu dituzte”.

Euskaraz bizitzeko oztopoak Behatokiari helarazi dizkiote hainbat herritarrek, Euskararen Telefonoaren eta Akuilari telefonoetarako aplikazioaren bidez. Horretan oinarrituta egin du Behatokiak 2015eko hizkuntza eskubideen egoeraren argazkia.

Aldaketak eragitea lortu duten kasu zenbait aurkeztu dituzte goizean, baina Garbiñe Petriati Behatokiko zuzendariak gogorarazi du oraindik esparru askotan “erdarak lehenesten” direla. “Kritikagarria da agintarien aldetik euskaraz bizi nahi hori bermatzeko behar besteko ahalegina ez egitea”. Besteak beste, osasun asistentzia, lan mundua, justizia arloa eta kontsumo zerbitzuak aipatu ditu Petriatik.

Ipar Euskal Herriko egoera nabarmendu du Behatokiko zuzendariak. “Hizkuntzak ez du inongo aitortzarik, eta herritarrek egunerokoan dituzten bizipenak euren nahiaren kontrakoak dira arlo guztietan: sozioekonomikoan, administrazioan...”. Testuinguru horretan ere herritarren determinazioa txalotu du Petriatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.