Iazko maiatzean iritsi zen Garbiñe Petriati (Arbizu, Nafarroa, 1962) Behatokiko zuzendaritzara. Aurretik euskalgintzan ibilitako bideak ere erakutsi zion salaketa bakoitzaren atzean pertsona bat dagoela, «eta oso oinarrizkoa den zerbait, bere hizkuntzan bizitzeko eskubidea» urratu zaiola. Zoritxarrez, bide luzea ikusten dio Behatokiari.
Bartzelonako Hizkuntza Eskubideen Adierazpenean oinarritu zuen bere lana Behatokiak, orain hamar urte martxan jarri zenean. Zer adostu zen han?
Pertsonak, bere komunitatearen barrenean, berea den hizkuntzan bizitzeko eta garatzeko eskubidea duela aitortu zen. Askotan, giza eskubideez hitz egitean, diskurtsoaren erdian ez da kokatzen norbere hizkuntzan bizitzeko eskubidea, eta uste dugu hori egin beharra dagoela. Zeren, zer dago oinarrizkoagorik norbere hizkuntza propioan bizitzeko eskubidea baino? Bestela, izaeraren, nortasunaren ukazioa da.
Adierazpena 1996an onartu zen, 65 erakundek babestuta. Ez dauka indar juridikorik, baina pentsatu zen erakunde publikoek bere egin eta beste izaera bat emango ziotela. Hamabost urtean, ordea, ez du garapenik izan. Behatokikook, gure hamargarren urteurrenaren eta deklarazioaren hamabosgarren urteurrenaren karira, testu hura mahai gainean jarri dugu berriro, garapena eduki dezan.
Kexak eta ondorioak berberak izan dira 2001ean eta 2010ean. Zer gertatzen da?
Bidean ez direla mekanismo eta neurri egokiak hartu egoera horiek gainditzeko. Horregatik iritsi gara hamargarren urteurrenera esanez premiazkoa dela urraketak ahalbidetzen dituzten baldintzak aldatzeko neurriak hartzea. Administrazioek Behatokiari erantzun izan diotenean, ikusi dugu 2001ean edo 2003an egoera zehatz bati erantzuteko igorri zigun idazkia eta 2010ean igorritakoa berdinak zirela. Eta argudioak berberak: euskara garatzen ari direla, progresiboki... Horrek esan nahi du ez dela eskubideak errealitatera ekartzeko neurri eraginkorrik hartu.
Progresibitatea aitzakia bihurtu da?
Progresibitatearen tempus malguak kalte egin dio hizkuntzaren garapenari, ez delako zehazten. Progresibitatea onartzen dugu, noski, baina epe konkretuak izan behar ditu, helburuak bete diren ala ez jakiteko; bete ez badira, neurri zuzentzaileak hartzeko, eta bete badira, beste pauso bat emateko progresibitate horretan.
Euskara ez da ofiziala Euskal Herriko gune batzuetan, baina ofiziala denetan, legeak ez dira betetzen. Borondate politikoa falta al da?
Falta da administrazioek hizkuntz eskubideak oinarrizko eskubidetzat hartzea, eta horretarako neurriak jartzea.
Zenbait eragile zoriondu dituzue. Errefortzu positiboa egin behar da?
Hala da. Jendeak barneratuta dauka eskubideen bermatzaile nagusia administrazioak izan behar duela, eta administrazioak egoki jokatzen duenean, ez du hainbeste arrazoirik ikusten jokabide hori txalotzeko. Beraz, zorion gehienak eremu sozioekonomikora bideratuta daude. Hor oraindik asko dago egiteko, eta enpresak edo elkarteak behartuta ez daudenez, egiten duten horrek borondate ona adierazten du; jendeak esfortzu hori txalotzen du.
Nola ikusten dituzu datozen hamar urteak?
Nahiko nuke beste hamar urte ez egotea, baina hamar hauek erakutsi dute euskaldunon hizkuntz eskubideak ez direla berehala bermatuko. Norbere determinazioa garrantzitsua da, oso. Jarrera pertsonalarekin eragin egiten da, eremu sozioekonomikoan, lagun artean, familian... Imajinatu jarrera pertsonal horrekin milaka eta milaka lagun... Behatokiarenak egin duela esango genuke. Herritarrek garrantzia eman behar diote beren jarrerari; euskaraz bizitzeko zailtasunak izanen dituzte, baina Behatokia egonen da bidelagun. Euskaraz bizi, eta ezin duzunean, kexatu.
Garbiñe Petriati. Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria
«Herritarrek garrantzia eman behar diote beren jarrera pertsonalari»
Euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzeko bidean, hiztunen «determinazioa» ezinbesteko jo du Behatokiko zuzendariak, horren bidez aldaketak eragin ditzaketelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu