Zaldibarko luizia

Herritarrek protesta egin dute Zaldibarren, Ermuan eta Eibarren

«Zaldibar argitu» lelopean, ehunka eta ehunka herritar atera dira kalera, zabortegiko hondamendiaren inguruko erantzukizunak eskatzeko. Zaldibar inguruko bost herritan egin dituzte mobilizazioak.

Ermuko protesta. IMANOL MAGRO EIZMENDI
2020ko otsailaren 10a
23:02
Entzun

Zaldibar argitu: langileak, segurtasuna, erantzukizunak testua duen pankarta zabaldu dute Ermuko kaleetan, joan zen ostegunean Zaldibarko zabortegian gertaturiko hondamendiaren kudeaketarengatik protestan. Jendetza handia bildu da protestan, mila pertsonatik gora. Manifestariek ez dute lelorik oihukatu, baina txistu egin bai. Herritarrek deitu dute protestara, besteak beste ekologistek eta hainbat kolektibotakoek.

Zaldibarren eremuan dago jausitako zabortegia, Eitzaga auzoan, baina Ermutik eta Eibartik oso gertu. Zaldibarren ere, protesta egin dute herritarrek. Dozenaka elkartu dira, udaletxearen atarian, eta manifestazioa egin dute ondoren. Zaratatsua izan da herritarren protesta.

Eibarko manifestazioan, berriz, desagerturiko langileen senide batzuek ere parte hartu dute. Azalpenak orain eta Senideak gurekin nahi ditugu lelodun elastikoak eraman dituzten jantzita. Han milaka pertsona atera dira kalera.

Markinan eta Mallabian ere egin dituzte elkarretaratzeak. Herritarren osasuna zaintzeko, langileen bilaketa lanak bertan behera ez uzteko, eta dagokionari erantzukizunak hartzeko eskatzen aritu dira herritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.